Kiwi sortak piztu zuen ikusmina, elkartasun eta jai giroko Errematan

Anboto 2015ko urt. 17a, 17:59

Urtero hutsik egiten ez duen hitzordua da Errematarena. Joan zen zapatuan ere, San Anton egunez, dozenaka lagun batu ziren Garaiko Elizabarrin, elkartasun eta jai giroko ekitaldian ondo pasatzeko. Baserritarrek eramandako 32 produktu sortaren alde apustu egin zuten, eta jasotako dirua elizaren mantentze lanetarako zein Caritasi laguntzeko erabiliko dute.

Lazaro Milikua izan zen enkantearen gidaria, eta, azaldu duenez, kiwi sorta batek piztu zuen ikusmin handiena. Tamaina handiko otzara hori 55 euroren truke eraman zuen herritar batek etxera. Horretaz gainera, etxean egindako tostadengatik ere 55 euro ordaindu zituzten, eta txorizo eta urdai sortagatik 50. Marmeladak, babak, oiloak, untxiak... denetarik egon zen aukeran.

550 euro, Caritasi
32 sorta horien enkantetik ateratako diru kopurua 1.100 eurokoa izan zen. Horren erdia, 550 euro, Caritasi emango diote, eta beste erdia elizako itoginak konpontzeko aprobetxatuko dute. Iaz baino 300 euro gutxiago lortu dituzte aurtengo edizioan, eta, Milikuaren esanetan, partaide kopurua izan daiteke horren arrazoia; izan ere, iaz lote gehiago egon ziren enkanterako. Edozelan ere, 1.000 eurotik gora ateratzea “oso ondo” dagoela uste du Errematako gidariak.

Gainera, Durangaldeko jende ugari batu zela esan du Milikuak, eta giro ona eduki zutela. “Jendea gustura egon zen”. Tradizioari jarraituz, elkarte gastronomikoan bazkalduta eman zioten jaiari jarraipena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!