1980an TVEk Garain grabatutako programa emango dute domekan

Anboto 2014ko urr. 23a, 12:19

1980an Garaiko Momoitiogane baserrian egon ziren TVEko kamerariak, Milikua-Atutxa familiaren bizimodua grabatzen. 'Vivir cada día' telebista saioan inguru ugaritako bizimoduak erakusten zituzten, eta baserri horretara jo zuten Euskal Herrikoa azaltzeko. 'El caserío vasco' izena ipini zioten atal horri. Bada, grabazio hori berriro proiektatuko dute domeka honetan, Europako Ondarearen Jardunaldien harira. 11:30ean hasiko da emanaldia, Elizabarrin.


Telesaioa ikusteaz gainera, grabazioaren kontakizuna egingo du Lazaro Milikuak. Aste pare bat eman zituzten kamerariek grabaketetan, kamerentzako errei eta guzti. Antza denez, euretako bat durangarra zen, eta horregatik heldu ziren Momoitioganera. Sei ziren familian, gurasoak eta lau alaba-seme. “Aita natural egon zen aktore lanetan”, esan du Milikuak. Kameren aurrean gaztelaniaz berba egitea kosta egin zitzaiela azaldu du, eta grabazioan parte hartzeko dudak eduki arren, aurrera egin zutela: “Espainia osoan gure bizimodua erakusteko aukera bat izan zen”.

Garaiko udaletxeko idazkaria da Milikua, eta orduan ere bazen; dagoeneko 40 urte bete ditu ardura horretan. Akorduan du udaletxean irudi batzuk hartu zituztela, eta elurra ere egin zuela egunen batean. Gastronomia ere ez zen falta izan: “Txarriboda egin genuen”, esan du Milikuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!