Garai, margolari baten begiradatik

Anboto 2014ko urr. 15a, 18:30

Zubiaurre anaia margolariek koadroetan eta argazkietan irudikatu zuten Garai duela mende bat pasatxo. Lan artistiko horren eraginak bizirik jarraitu du, eta azken hamarkadetan zenbait artistek bide beretik jo dute. Gontzal Sarrigoitia alkateak azaldu du 1990 bueltan etorri zela lehenengo margolaria. Egun batzuetan Garaiko txoko eta paisaiak margotzen ibili zen, eta Elizabarriko sakristauaren etxean lo egiten utzi zioten. Trukean, koadro bat herrian geratzea adostu zuten. Bada, orain, Javier Fernández Paiz bilbotarra izan da Garain, herria koadroetara eroaten.


Abuztuan etorri zen egun batzuk pasatzera Fernández Paiz. Ikasturtea Madrilen eman ostean, udan Garaira etorri, eta “aldaketa erradikala” izan zela esan du, baina sormenerako natura du gustuko. Zazpi margolan sortu zituen: mendiak, etxeak eta herriko ikuspegi orokorrak islatu zituen, adibidez. Gehienek “ukitu atmosferikoa, lausotua” dute, bere esanetan.

Duela astebete berriro egon da Garain, eta marrazki batzuk landu ditu. Bere obra urriaren 26an erakutsiko du, eta salgai ere egongo dira lanak. Agian beste sasoi batean bueltatuko da: “Elurra egitean oso polita izan behar du Garaik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!