Umeentzako duatloia egingo dute uztailaren 28an, triatloi taldeak antolatuta

Anboto 2014ko uzt. 24a, 09:25

Kirolagaz ondo pasatzeko modua edukiko dute Garaiko umeek aurtengo jaietan. Orain arte Korrika Txikia antolatu izan dute, baina aurten Duatloi Txikia egingo dute lehenengoz. Garaiko triatloi taldea dabil prestatzen uztailaren 28an, 18:00etan, izango den ekimena.


14 urtera arteko ume eta gaztetxoek parte hartu ahalko dute duatloian. Triatloi taldeko Jon Sarasuak adierazi duenez, adinaren arabera hiru talde egingo dituzte, bakoitzari ibilbide bat emateko. Nagusienek, adibidez, kilometro bat eta bi kilometro arteko distantziak egingo dituzte korrika eta bizikletan. Eta gero, izerdi apur bat bota ostean, zozketak eta txokolatada izango dituzte prest umeentzat. Izan ere, Sarasuaren berbetan, ekimena ez da lehiakorra izango.
Umeak parte hartzera animatu ditu Sarasuak. Bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eroan beharko ditu, eta momentuan emango dute izena. Triatloi taldekoek ezin izan dute aurten herriko triatloia antolatu, eta jaietan lagundu gura izan dute, eurek ere herriari ekarpen bat egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!