Elorrioko Udalak eta Ertzaintzak ezohiko Prebentzio Plana ezarriko dute lapurretekin bukatzeko

Anboto 2017ko ots. 25a, 15:56

Durangoko Ertzain-etxean izandako bileran, Elorriorentzako arreta handitzea eskatu du Idoia Buruaga alkateak.

Azken asteetan Elorrion izan diren lapurretekin amaitzeko helburuarekin, Elorrioko Udalak eta Ertzaintzak ezohiko Prebentzio Plan bat martxan jartzea adostu dute. Ostiral honetan Durangoko Ertzain-etxean izandako bileran, Idoia Buruaga Elorrioko alkateak "Elorriorentzako eta elorriarrentzako arreta handitzea" eskatu du, udaleko prentsa ohar batean azaldu dutenez.

Epe labur batean, lapurrek bost tabernatan lapurtu eta beste hirutan saiakera egin dute. Horrez gainera, hiru enpresa ezberdinetan sartu dira. Horren aurrean adostutako Prebentzio Plana honako konpromisoek osatzen dute:

- Ertzaintzaren etengabeko presentzia gau guztian zehar.

- Errepideko kontrolak.

- Errekurtsoak handitzea epe mugagabean.

- Ikerketen areagotzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!