Elorrioko zirkuituko oztopo berriek proban jarriko dute ziklo-kroslarien trebezia

Anboto 2016ko abe. 5a, 16:39
Elorriko Udaleko, Elorrioko txirrindulari Elkarteko eta federazioetako ordezkariak Felipe Orts ziklo-kroslariagaz batera gaurko aurkezpenean.

Hareatzak aldapa behera, benetako enborrak bidean… ibilbidean nobedade dezente izango dira zapatuko laasterketan.

Zapatuan Elorrioko Udala Saria nazioarteko ziklo krosaren 41. aldia lehiatuko dute San Joseko Landetan. Aurten zirkuituari hainbat aldaketa egin dizkiote. Parte hartzaileentzat teknikoagoa eta ikusleentzat ikusgarriagoa  izango da antolatzaileek azaldu dutenez.

Ziklo-kroslarien trebezia inoiz baino gehiago proban jarriko dute 2.860 metro dituen zirkuituan. 60 metroko luzera duen hareatza da probako oztopo berrietako bat. “Hareatza hori aldapa behera igaroko dutela da nobedadea”, azaldu du Joseba Gorostiza Elorrioko Txirrindulari Elkarteko antolatzaileak. Oztopoetan egongo den beste aldaketa bat hauxe da: ohiko oholak benetako enborrengatik ordezkatuko dituzte. Hiru metroko egitura metaliko bat ere eraikiko dute zirkuituko une batean. Txirrindulariak goitik igaroko dira: “Ikusteko oztopo kuriosoa da begira daudenentzat”, gomendatu du Gorostizak. “Aurtengoa zirkuitua teknikoagoa da. Indarra bai, trebezia handia ere beharko dute”, adierazi du.

Elorrion prestatu duten zirkuitua ez da ohikoa ez Euskal herrian eta ez estatu mailan. Belgikako eta txirrindularitza kirol nagusienetakoa den tokietako zirkuitu motetara hurreratzeko ahalegina egin dute. “Bizkaiko eta Euskadiko federazioen bidez hainbat txirrindularik nazioarteko proba batzuetan lehiatzeko aukera izaten dute urtero, baina kanpora doazenero eurentzako erabat ezezagunak diren oztopo eta zirkuitu motekin aurkitzen dira. Ondorioz, ez dituzte landuta oztopo horiek gainditzeko teknikak”, azaldu du Gorostizak. Egoera horiei aurre egiteko bitartekoak eskaini gura dizkiete txirrindulari gazteei zein helduei. “Gaur egun Elorriokoa eta Abadiñokoa dira nazioartean aurkitzen diren antzerako oztopoak dituzten bakarrenetakoak”, segurtatu du.

Datorren urteko aldirako oraindino aldaketa sakonagoa egin gura dute ibilbidean zirkuituari harbidea gehituta.

Goi mailako parte hartzea

Nazioarteko egutegian —UCI ren C2 maila— zein Espainiako Kopan sartuta dagoen proba da. Kopako zazpi probetatik azken aurrekoa da eta maila askotan txapeldunak oraindino erabaki barik daude. Gizonetan Ismael Esteban, Aitor Hernandez eta Felipe Orts-en  arteko lehia estua espero dute. Oraindino hirurek dituzte Kopa irabazteko aukerak. Nazioartetik datozenen maila ere aipagarria da. Lars Bom munduko txapeldun ohi herbeherearra etorriko da, besteak beste.

Emakumeetan kontua garbiago dago. Aida Nuno asturiarrak orain arteko proba guztiak irabazi ditu. Bere herrikide Alicia eta Lucia Gonzalez ahizpak dira Nunoren garaipena ezbaian jarri dezaketen bakarrenetakoak.Nazioarteko izenen artean Susane Verhoven nabarmendu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!