“Musika entzutean bezala, sortzean ere ez dugu ezelako mugarik ipintzen”

Itsaso Esteban 2016ko urr. 25a, 09:25
Urkotxo y los Primos de Riesgo

Talde berriaren lehenengo diskoa aurkezteko jaia egingo du Urkotxo y Los Primos de Riesgo taldeak, urriaren 28an, Elorrioko Ateneoan. Diskoa egiteko ez dute ‘crowdfunding’ kanpainarik burutu, eta euren proiektuari “aupada bat” eman gura dioten lagun eta musikazaleei datorren barikuko kontzertura joanda kolaboratzeko deia egin diete.

Musikarekiko zaletasuna partekatzen hiru hamarkada daramatzate Urko Igartiburu eta Jose Manuel Cadiñanos ‘Kadi’ elorriarrek, eta beraiekin egin du ANBOTOk taldearen eta disko berriaren nondik norakoak ezagutzeko hitzordua. Urriaren 28an, Ateneoan, Miguel Leon taldeko bateria-jotzaileak ezezik, Adolfo Aguadok teklatuan eta Mamen Rodrigok koroetan ere parte hartuko dute. DJ Mimi-ren sasoiagaz borobilduko dute 28ko Ateneoko jaia.  

Zelan sortu da talde berria?
Urko Igartiburu: Kadik eta biok aspaldiko harremana daukagu: elkarregaz hasi ginen jotzen, 1986. urtean. Berak baxu bat eta nik gitarra bat erosi, eta horrela hasi ginen, ahal genuen moduan jotzen. Punkaren eferbeszentzia sasoi betea zen, eta Kortatu, Eskorbuto edo RIP taldeen bertsioak egiten genituen.

30 urtean proiektu desberdinetan ibili zarete elkarrekin?
U.I.: Horrela da, bai, eta denetariko estiloak jo ditugu. Gure punki sasoiko lehenengo taldea Segundo Gobierno izan zen; 90eko hamarkadan, rocka eta bluesa ezagutu genituen, eta María y la Plantación taldean halakoak jotzen genituen. Beti joan gara gure ikuspuntu musikala zabaltzen. Gauza berriak probatu izan ditugu, ezelako lotsarik barik. Denbora batean bakoitzak bere proiektuak eduki ditugu; nik Eskorbutogaz eta Tiananmenegaz, Kadik Kúmulo de Limbo taldeagaz... Gero guraso izan ginen, eta azken urteotan ni Mamen Rodrigogaz Puro Chile taldean ibili naiz...

Urkotxo y Los Primos de Riesgo-n elkartu zarete berriro, lehen bezala, zuen kanten bitartez mezu kritikoa zabaltzeko. Kritiko izanik ere, letrek eta doinuek alaitasuna eta bizigogoa transmititzen dute.
U.I.: Bai, horixe da planteamendua: ez dugu pentsatzen duguna isiltzeko asmorik, baina ez dugu mezu negatiboa eman gura. Gauzak zelakoak diren ez dugu gustuko, baina ez dugu irtenbide magikorik salduko: norberak hautatuko du bidea. Uste dugu posible dela kritika soziala modu dibertigarri batean egitea. Ez dugu kantatzen politikarientzat, jendearentzat baizik: lagunartean taberna batean berba egiten dugun moduan dihardugu diskoan. Geure buruaz eta egoeraz barre egiten dugu.  
K.: Jende askok ikusten eta pentsatzen duena esaten dugu diskoan: badakigu gauzak beltz daudela zentzu eta leku askotan, baina ez dugu ezkortasun gehiago transmititu gura.
U.I.: Maitasunari edo laguntasunari buruzko letretan ere horixe adierazten dugu: bizitza ederra dela, eta hobe dela umorez hartzea.
K.: Mienten kantaren sorkuntza prozesua da jarrera horren adibide garbia: lanegun txar baten ostean, eta arin batean afaltzen nengoela, albistegia entzun eta gero, guztiz amorratuta joan nintzen lokalera. Gainezka eginda ailegatu nintzen entsegura, Urko eta Miguel brometan hasi ziren, eta egoerari buelta eman nion. Pasatu egin zitzaidan haserrea.  
U.I.: Hain zuzen, horixe da gure taldearen gakoetako bat: lokalera ondo pasatzera joaten gara. Hirurok elkarrekin itzelean pasatzen dugu, eta horixe da daukagun helburua. Kadi haserre zetorren lokalera, eta beste biok ere arrazoi osoa zuela uste genuen, baina, haserretu beharrean, katxondeoan hasten gara.

Diskoan doinu aniztasun handia dago.
U.I.: Bai, izan ere, entzuten dugun guztiak bere arrastoa uzten du gugan, eta atera egiten zaigu gero, kanten bitartez. Berez ateratzen uztea da gogokoen duguna: entzutean bezala, sortzerakoan ere ez dugu ezelako mugarik ipintzen.

Denbora da taldeak gaur egun daukan muga nagusia?
K.: Lanagaz eta familiagaz uztartu behar dugu taldea, eta gaztetan baino askoz gutxiago entseatzen dugu. Lehen, egun osoa ematen genuen lokalean.

Oso presente daude Mamenen koroak diskoan. Zer gehitzen dio taldeari?
U.I.: Mamenek badauka bertute bat: ailegatzen da leku batera, eta ez duzu gura sekula bertatik joan dadin. Ahots-tinbre oso berezia dauka, eta oso ausarta da: ez dauka ahotsagaz edozer egiteko konplexurik.
U.I.: Beti gustatu izan zait abeslari eta baxu-jotzaile gisa, eta ohorea da bera ondoan izatea. Zentzu musikal handia dauka.

Lorentzo Records-en grabatu zenuten diskoa, ezta?
U.I.: Bai, edozein musikariren ametsa da han grabatzea: Aitor Ariñoren moduko pertsona bategaz, Lorentzo Records moduko estudio itzel batean, etxe ondoan zuzeneko grabazioa egitea luxu handia da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!