Elorrioko EH Bilduk "etorkizuneko proiekturik" ez duela kritikatu du EAJk

Anboto 2016ko uzt. 28a, 13:11

Elorrioko EH Bilduren legegintzaldiko lehenengo urtearen balorazioa jakitera eman du EAJk, gaur goizean, prentsaurrean. Joseba Mujika bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, "lehenengo urte honetan udala kudetara mugatu da". Pulla-Azkarreta industriagunea, Argiñetako nekropoliko museo proiektua eta Fytasa Fundizioa zegoen lurretan kiroldegia egokitzea, besteak beste, martxan jarri beharreko proiektu estrategikoak direla azpimarratu du Mujikak.

 

Elorrioko EAJko zinegotziek, Joseba Mujika buru dutela, EH Bilduren legegintzaldiko lehenengo urtearen balorazioa egin dute. Idoia Buruagaren (EH Bildu) gobernu taldeak "kudeaketa arrunta" oinarri izan duen urtea izan dela azpimarratu du Joseba Mujika jeltzaleak. “Udal ekipamenduen mantentze eta hobekuntza lanak, errepideen garbiketa eta larrialdietarako protokoloak, udalez gaindiko gaien jarraipen juridikoa… edozein Udaleko eguneroko jarduneko kontuak dira. Txarto egongo litzateke gure herria Udalak hori egingo ez balu”, adierazi du Mujikak. Gaineratu duenez, Buruagak bere jardunaren inguruan plazaratutako balorazioan autokarabanen aparkalekua aipatu zuen. “Aurreko legealdian EAJren apustua izan zen proiektua, udako igerilekuekin gertatzen den bezala. Horri, errentetatik bizitzea esaten zaio”.

Bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, bere alderdia prest dago etorkizuneko Elorrio proiektatzeko gai izango den udal kudeaketan lankidetzan aritzeko, “gure seme-alabek gozatu eta bizi izango duten Elorrio hori". Ildo horretatik,  hainbat proiektu estrategiko martxan jarri beharko liratekela azpimarratu du. Pulla Azkarretako industriagunearen egitasmoak industriara bideratutako lurzoru eskaintza indartuko lukeela diote jeltzaleek. Turismo arloan berriz, Argiñetako Nekropolian museo proiektua martxan jartzeko Bizkaiko Foru Alduandiagaz batera udalak hartutako konpromisoak ez dituztela bete azpimarratu dute. Kirol instalazioen inguruan, kirolgunea  txiki gelditu dela uste du EAJk. Epe ertainera begira, itxita dagoen Fytasako fundizioan kirolgunea eraikitzeko proiektua EAJren eta EH Bilduren hauteskunde programetan zegoen egitasmoa dela gogoratu du Mujkikak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!