Eleizalde futbol zelaiko belar artifiziala aldatuko du Elorrioko Udalak

Anboto 2016ko uzt. 27a, 14:30

Abuztuaren erdialderako prest izatea aurreikusi dute udal ordezkariek. Lanen aurreikuspenak betetzen badira, zelai berria futbol taldeen aurre-denboraldirako prest egongotea da asmoa.

Inauguratu zenetik hamalau urte igaro ostean, Eleizalde futbol zelaiko soropila aldatuko du Elorrioko Udalak. Prentsa oharrean iragarri dutenez, joan den astean hasi ziren obrak, eta abuztuaren erdialderako prest izatea aurreikusi dute udal ordezkariek. Lanen aurreikuspenak betetzen badira, zelai berria futbol taldeen aurre-denboraldirako prest egongotea da asmoa.

Gaineratu dutenez, mota horretako zelaiek hamar urteko iraupena izaten dute batezbeste, eta Eleizaldekoak hamalau urte zituen. Gauzak horrela, zelai artifiziala higatuta zegoen eta euria egiten zuen egunetan ur-putzuak sortzen ziren hainbat eremutan, besteak beste.

Prozesua ahalik eta modu onenean burutzeko, udalak CD Elorrioren ekarpenak jaso nahi izan dituela gogoratu du. "Ekarpen horiek zelai berriaren ezaugarriak zehazteko balio izan dute, hala nola, zelaia betetzeko materiala naturala izatea eta kautxoa bezalako elementuak ahalik eta gutxien erabiltzea".

Udalak mantenurako protokolo bat landuko du obrak burutzen dabilen enpresaren laguntzarekin. Protokolo horren ondorioz, aipatutako enpresak zelaiaren zaintze eta mantenu lanak egingo ditu datozen urteetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!