Intxorta Asti Elkarteak jaurtiko du Elorrioko jaietako txupinazoa

Anboto 2016ko uzt. 12a, 14:37

Intxorta Asti Elkarteak Ferixa Nausikoetako txupinazoa jaurtiko duela iragarri dute gaur goizean, jaien aurkezpenean. Idoia Buruaga alkateak jaien izaera herrikoia nabarmendu gura izan du prentsaurrekoan. Aurten, nobedade moduan, txosnak lekuz aldatuko dituztela azaldu du Buruagak. Aparkalekuan beharrean, plazako pilotalekuan kokatuko dituzte. Barrakek berriz, aparkalekuaren erdia hartuko dute.

Intxorta asti taldeko kideek urteetan txupinazoa jaurti gura izan dutela-eta "pozik" daude pregoilari izateko ardura eman dietelako. Lan bolondresa eta begiraleek 27 urtean egindako lana nabarmendu gura izan dute prentsaurrekoan. Hainbat ideia dituzte txupinazo egunerako, beraz, asti taldekoek txupinazo berritzailea egiteko asmoa dute. Umeak eta begiraleak elkartearen ardatza diren arren, inguruan jende asko dabilela azaldu dute Janire, Maialen eta Naiara Intxortako begiraleek. "Ez dugu ahaztu gura gu hemen gaudela aurretik gu umeak izan garelako eta beste begirale batzuk hor egon direlako. Urtez urte gazteen belaunaldiak Intxortatik pasatu dira. Eurek barik gu ez ginateke hemen egongo".

 

Txupinazoaren ondoren Gironako Marrecs de Salt castellersen taldeak girotuko ditu jaiak. 100 lagunetik gorako taldea plaza inguruan arituko da.

Aurtengo jaietako nobedadeetako bat txosnen eta barraken kokapena izango da. Aparkalekuan beharrean plazako pilotalekura lekualdatuko dituzte. Barrakak berriz, aparkalekuaren erdi batean jarriko dituzte. Aldaketa honen eraginez, plazako eszenatokia txosnaguneak ere erabiliko du.

Su artifizialik ez da izango aurtengo Ferixa Nausikoetan. Segurtasun neurriak direla-eta, ekintza hau bertan behera utzi behar izan dutela aitortu du alkateak. "Herrigunean ez dugu su artifizialak antolatzeko aproposa izan daitekeen udal espaziorik". Bertan behera gelditu den beste ekintzetako bat umeen danborrada izan da.

Iñaki Larrañaga jai batzordeko kideetako batek dioenez, aurten musika kalera ateratzea izan da asmoa. Hamabi ekintza eszenatokian beharrean kalean egingo dituzte. Txarangak, fanfarriak eta talde txikiak izango dira jende artean jardungo dutenak. Eszenatokian berriz, Ballet Argentinarra, Aukeran dantza taldea eta Mexikoko musika kontzertua taularatuko dituzte, besteak beste.

 

Txupinazoa kartelean

Leyre Balerdik irabazi su aurtengo jaietako kartel lehiaketa. 41 urteko arkitektu elorriarrak bigarrenez irabazi du lehialeta hau. Iaz, Musika Eskolaren txupinazoan balkoitik bizi izan zuen jaien hasiera, eta une hori islatu gura izan du kartel irabazlean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!