Elorrioko txosnak plazako frontoian ipiniko dituzte, eta barrakak aparkalekuan mantendu

Anboto 2016ko uzt. 11a, 13:54
Kale futbito txapelketa jokatu ohi dute udan, plazako frontoian.

Aurtengo Ferixa Nausikoetan, txosnak plazako frontoian kokatuko ditu udalak, eta horien lekura mugituko ditu barrakak. Erabaki horregaz, auzokideek aspalditik duten kexari erantzun gura diote udaletik, baina auzokide batzuk ez daude gustura, barrakak aparkalekuan mantenduko direlako.

Nizeto Urkizuko hainbat auzokide nekatuta daude jaietan txosnek eta barrakek eragiten duten zaratagaz, eta aurten konponbide bat ematea aztertu du udalak. Auzokideekin eta txosnetako kideekin batzarrak egin ditu azken hiletan. Azkeneko erabakia dena, hasieran ere proposatu zuen gobernuak, "neurri horregaz bizikidetza lortu ahal dela" uste izanda. Aurtengo jaietarako proba horregaz, zarata gutxituko dela eta ordutegia murriztuko dela azaldu du udalak. Baina auzokide batzuk ez dira gustura azaldu, eta txosnak bezala, barrakak ere lekuz aldatzea eskatu dute.

Hasierako batzar horien ostean, udaletik adierazi zuten gaia aztertuko zutela, baina zail ikusten zuten barrakak beste nonbait ipintzea. "Erdigunean dagoen leku falta zein kokaleku berriak egokitzeko gastu ekonomikoa" traba zirela esan zuten, eta kanpora ateratzeak jai giroan eragingo zuela ere bai.

Batzarren ondoren, jarrerak ez dira aldatu, eta txosnak lekuz aldatuko diren arren, barrakak aparkalekuan mantenduko dira, etxeetatik urrunduta. Auzokideetako baten ustez, "partxe bat" da erabaki hori. Albisteaz komunikabideen bidez enteratu izana ere ez du begi onez ikusi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!