“Elorrio herri berezia da eta ziklistak ere toki berezian sentitu daitezela nahi dugu”

Anboto 2016ko eka. 24a, 12:53

Uztailaren 15etik 17ra paraziklismoaren Munduko Kopako probak lehiatuko dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Uztailaren16koak Elorrion izango dira eta Saiatu Fundazioak antolatuko ditu. Fundazioko kideak Elorrion izan dira asteon lasterketaren nondik norakoak azaltzeko. Lasterketaren garrantziaren araberako giroa egon dadin gura dute eta Elorrion horretarako baldintzak ematen direla diote. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete, antolaketan zein giroa sortzeko bestelako ekimenen bidez. “Elorriarrek lasterketa bere sentitzea gura dugu”, dio Txema Alonso Saiatu Fundazioko kideak:

Lasterketa bat baino gehiago izan dadin gura duzue.

Kirol hau herritarrengana hurreratu gura dugu. Kirolari horiek dagoeneko irabazi dute euren bizitzako probarik inportanteena: bizitza muinetik aldarazi zien gertaera bati buelta eman eta aurrera egitea. Nire ustez horrelako pertsonekin hartuemanak izateko aukerak esperientzia bakarrak eta aberasgarriak dira. Herriko gaztetxoei eurak ezagutzeko bideak irekitzen asmatzen badugu eta euren istorioak entzuten badituzte betirako gordeta geratuko zaien oroitzapena izango da. Guretzat oso garrantzitsua da ezintasunari bere alde positiboa ateratzea.

Zelan lortu daiteke hartueman hori sustatzea?

Elorriarrek lasterketa eurena balitz moduan sentitzea gura genuke. Herritarren inplikazioa bilatu behar dugu. Horretarako antolaketan zein beste moduren baten parte hartzea interesgarria litzateke. Beste ezeren gainetik ikuskizun handi bat izango da eta erregalo bat balitz bezala hartu behar dugu.  Bertatik bertara jarraitzea merezi duen gertakaria da. Gainera herritarrek beren laguntza eskaintzen dutela? Are hobeto. Sari banaketan dantzariek saiotxo bat eskaintzen badute ederra litzateke; musika talderen batek giroa berotu gura badu ongietorria izango da; fisioterapeutaren bat ziklista nekatuei masajeak emateko prest baldin badago esker oneko egongo dira; askotariko hizkuntzak berba egiten dituztenen laguntza ere oso baliagarria litzateke herritarren eta ziklisten arteko bitartekari egiteko. Eta, jakina, beste hamaika modutara lagundu daiteke: segurtasuna bermatzeko bidegurutzeak zaintzen, esaterako. Polita litzateke herri osoaren inplikazioa. Zenbat eta jende gehiago apuntatu hobeto. Horrela txandak antolatu daitezke.

Munduko onenak etorriko dira?

Bai, munduko onenak, gizonetan zein emakumeetan. Eta ez hori bakarrik. Kontuan hartu behar da honako hau ere: Mundu osoan kategoria honetako hiru lasterketa bakarrik daude eta Elorriokoa azkena da. Horrek zer esan gura? Munduko Kopako txapeldunek Elorrion hartuko dute irabazlearen garaikurra. Horregatik sari banaketan giro berezia sortzea nahiko genuke. Elorrio herri berezia da eta ziklistak ere toki berezian sentitu daitezela nahi dugu. Azken batean, 45 egun geroago Rioko Joko Paralinpikoetan arituko direnak bertatik bertara ikusteko aukera egongo da. Txirrindulari euskaldunak ere badaude tartean. Guztira 35 herrialdetako 200 bat txirrindulari etorriko dira Euskal Herrira: Zeelanda Berri, Japonia, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Hegoafrika eta Europako hainbat herrialdetakoak. Horietako askok Elorrion parte hartuko dute.

Zelakoak izango dira lasterketak?

Paraziklismoan lau modalitate daude: itsuak tandemean aritzen dira, hankan edo besoan anputazioren bat dutenak bizikletan, eskuko bizikleta da beste modalitate bat eta, azkenik, moduren bateko garuneko parilisia dutenak trizikloan aritzen dira. Elorrion azken modalitate biak ikusteko aukera egongo da: eskuko bizikleta eta trizikloa. Modalitate denetan ikusgarriena eskuko bizikletarena da. Bizikleta erabat aerodinamikoak dira eta abiadura handiak hartzen dituzte.

Saiatu Fundazioan aspaldi hasi zineten paraziklismo lasterketak antolatzen, ezta?

Saiatu Fundaziotik antolatu genuen lehenengo ekintzetakoa kirol egokituko Bizkaiko Bira izan zen. Aurten 20. aldia egingo du. Urteurrena delako eta azken urteetan kalitatean aurrerapausuak eman ditugulako UCIk Munduko Kopako lasterketa bat antolatzeko aukera eskaini zigun. Aurten Elorrion lasterketa antolatzen dugun hirugarren urtea izango da. Aurtengoa berezia da, jakina, beste dimentsio bat izango duelako.

Elorrioko lasterketetako ibilbidea nondik diseinatu duzue?

Zirkuitu bat diseinatu dugu eta hari hainbat itzuli emango dizkiote. Zirkuituak duen abantailetako bat da txirrindulariak hainbat bider ikusi daitezkeela. Irteera puntua aldatu dugu. Zinema paretik beharrean, gorago irtengo da, Pinto eta jubilatuen tabernen inguruan. Handik, Lince eta Maderas Gallastegi enpresetatik saihesbidera irten eta San Agustinetik itzuliko dira Elorriora. Goizean, 10:45etik aurrera, hainbat lasterketa hasiko dira. Eguerdian atsedena hartuko dugu eta arratsaldean lasterketa gehiago.

* Antolaketan parte hartu gura duenak zein bestelako ekimenen bidez bere ekarpena egin gura duenak helbide elektroniko honetara idatzi dezake: kirola@elorrio.eus

 

Elorrion ikusgai egongo diren modalitate biak: hand bike eta trizikloak:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!