'Noctis Labyrinthus' Casajaran proiektatuta

Anboto 2016ko eka. 23a, 12:20

Txelu Angoitia, Jesus Mari Arruabarrena eta Segun Lazkano argazkilarien lana biltzen duen Noctis Labyrinthus proiekzioa eskainiko dute, ekainaren 24an, 22:30ean, Elorrioko Casajara jauregian. Durangaldeko argazkilarien “ilunari begiratzeko hiru modu” biltzen ditu proiektu horrek: Angoitiaren Angst, Arruabarrenaren Moo eta Lazkanoren Ero.

Azken hilabeteotan hainbat lekutan eskaini dituzten emanaldietan bezala, idazle ezagunen testuak irakurriko dituzte, irudien osagarri, Angoitiak eta Arruabarrenak. Fran Lasuen musikariaren doinuek lagunduta arituko dira argazkilariak testuak errezitatzen eta argazkiak proiektatzen.

2013an, Elorrioko jauregi horretan hasi zuen bidea Durangaldeko hiru argazkilarien Noctis Labyrinthus erakusketak: Musikaire kultur egitarauaren barruan zegoen hura ere. Hiru urte iraun duen proiektua amaitutzat emango dute, biharko emanaldiagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!