Elorrioko txosnak lekuz aldatu arren, bizilagunak ez daude gustura

Anboto 2016ko mar. 9a, 13:04

Nizeto Urkizu eta Buzkantz kaleko dozena bat bizilagunek batzarra egin zuten atzo udaletxean. Idoia Buruaga alkateak eta Maitane Lopez kultura zinegotziak udalaren proposamena aurkeztu zieten, baina momentuz ez dira adostasunera heldu. Barrakak ere lekuz mugitzea gura dute auzotarrek.

"25 urtez jasan dugunari amaiera emateko aukera da. Aurreko urtean alkateak esan zigun ez zegoela denborarik, aurten ordea badago". Hori dio batzarrean parte hartu zuenetako batek -udalak aretoa utzi izana eskertu dute-. Udalaren proposamena, txosnak lekuz mugitu eta barrakak eremu horretan ipintzea da. Beraz, zarata gutxitu eta urrunduko litzateke. Baina auzokideak nekatuta daudela dio batzarrean parte hartu zuenak: "25 urtez txosnak eta barrakak etxe aurrean edukitzea nahikoa dela uste dugu auzokideek. Jaiak denok disfrutatzeko dira. Ez dugu zertan oporretan joan behar, gauez eta egunez ezin dugulako lorik egin". Gainera, jaietan zehar, aparkalekua berezko funtziorako ere ondo etorriko litzateekeela uste dute.

Udalak batzorde berezi bat sortu du gaia lantzeko, bizilagunekin, txosnetakoekin eta jai batzordekoekin. Apirilaren 14an izango hurrengo batzarra. "Eramango dugun proposamena txosnak eta barrakak beste leku batera eramatea izango da". Lourdesko eskoletara, San Agustinera edo Ibarrara lekuz aldatzea dira ideietako batzuk, baina udalaren iritziz, herrigunetik aldentzeak jaiak kaltetuko lituzke.

Barrakak mugitzea aztertu du udalak, baina "erdigunean dagoen leku faltak zein kokaleku berriak egokitzeko gastu ekonomikoak ideia hori momentuz alboratzea eragin du".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!