HAN: "Zuzendari artistikorik ez izatera, laurok sortu eta adosturikoa da ikuskizuna"

Anboto 2015ko aza. 27a, 12:43
Argazkia: Itziar Bastarrika

Zapatuan, '2634' ikuskizun berezia eskainiko du HAN taldeak Elorrioko Arriolan. Urrian kaleratu zuen diskoa aurkezteko emanaldi berezia izango da.

Zer osagai ditu bihar Arriolan eskainiko duzuen ikuskizunak?
Karlos Gomez: Hasiera batean musika, bideoa eta antzerkia uztartzea pentsatu genuen, baina azkenean erabaki dugu antzerkian ez sartzea. Edozelan ere, hasierako ideiarekin jarraitzen dugu: bakoitza bere kontura jotzen dabilen musika talde bat aurkezten dugu, musika joaz.
Nerea Lersundi: Ikuskizunak bi parte dauzka: 20 minutu inguruko ikusentzunezkoa, eta kontzertu bat, irudi proiekzioagaz eta argiztapen bereziagaz.  

Zenbat denbora daramazue ikuskizuna prestatzen? Zelakoa izaten ari da prozesua?
N.L.: Ideia lehenagotik erabili dugu buruan, baina buru-belarri lanean azaroan hasi gara. Oso intentsoa izaten ari da. Zuzendari artistikorik ez izatera, lauron artean sortu eta adosturikoa da ikuskizuna: proba eta iritzi askogaz joan gara ikuskizunari forma ematen. Indibidualizaziora gero eta gehiago garamatzan bizimodu honen inguruko kezka da ikuskizunaren oinarrian dagoena.
K.G.: Oso lagungarri egin zaizkigu aktore birentzat eta gero Arriolako lankideetzat egin ditugun pase bereziak ere. Euren inpresioek asko lagundu digute gauzak perspektibagaz ikusten.

Ikuskizunaren izenburuak zeri egiten dio erreferentzia?
Gorka Molero: 2634 urteari, etorkizunari, egiten dio erreferentzia. Etorkizunean bizi diren bi pertsonak gaur egunagaz konexio bat egitea lortzen dute, eta ikusten dutenagaz jolasten dugu: geu gara ikusten dutena.

Jende askoren kolaborazioagaz diharduzue, ezta?
N.L.: Lagun artean egin dugu lan, eta oso-oso eskertuta gaude kolaboratu duten guztiekin. Pello Salaberria eta Itziar Bastarrika ibili dira bideogintzan, Iker Nafta jardun da estilismoan, eta Urko Rekondo eta Iñigo Aranbarri aktore lanetan. Argiztapenean Jon Zubiak eta soinuan Miguel Alonsok dihardute.

Berezia izango da biharkoa?
K.G.: Jende asko gu garelako etorriko da biharko kontzertura: lagunak, familia....
G.M.: Baina egia da Elorrion ikuskizuna berba aipatzen duzun momentuan espektatiba sortzen dela. Nire ustez, biharkoa zerbait berezia izango delako ere erantzungo du jendeak.

Printzipioz emanaldi honetara mugatuko da?
K.G.: Gustatuko litzaiguke beste emanaldi batzuk ere eskaini ahal izatea, nahiz eta, familia eta lana dela eta, kontzertuak lotzea oso zail egiten zaigun...
G.M.: Lan handia egin dugu, eta ikuskizuna prest daukagula aprobetxatuta, inguruko herrietako aretoetan behintzat, gura genuke, bai, erakutsi.

Hau bezalako ikuskizun multidiziplinarrean lehenengoz diharduzue?
K.G.: Gorka eta biok Mokaua proiektuagaz ibili ginen orain urte batzuk; musikaren eta bideoaren arteko interakzioa handiagoa zen hartan.

Agenda zelan daukazue?
G.M.: Biharkoaren ostean, Durangoko Azokako Ahotsenean eta Arrasaten jotzeko hitzorduak dauzkagu. Eta hurrengo urterako ere jaso ditugu proposamen batzuk... Ez genuen horrelako erantzunik espero, eta oso pozik gaude.

Orain arteko kontzertuetako sentsazioak zelakoak izan dira?
K.G.: Oso onak. Talde berria gara, eta jo ditugun bi kontzertuetan jendea etorri da gu entzutera, eta hainbat disko saldu ditugu, gainera.

HAN taldeko kideak kontzertuan. Argazkia: Itziar Bastarrika
Diskoagaz ere pozik zaudete?
K.G.: Argi geneukan Txapekin grabatzea nahi genuela, laguna dugulako, eta oso pozik gaude. Oso azkar grabatu genuen, baina dena atera zen oso ondo.
G.M.: Hirurok batera grabatu genuen musika, eta horrek denbora asko aurreztea ahalbidetu zigun. Zuzenean zer garen plasmatzea gura genuen, esentzian garena islatzea.

Zelan deskribatu Han taldeak egiten duen musika?
Miguel Leon: Indie-rocka egiten dugula diote adituek, eta belarrira ondo egiten duenez, pozik hartu dugu etiketa hori ere.

Gitarrak badauka pisu berezi bat kantuetan...
M.L.: Molerok ez dizu esango, baina, nik uste, taldeari pertsonalitate gehien ematen dion gauzetako bat dela bere gitarra. Gehienetan bere ideietatik abiatzen dira gure konposizioak. Txarlik eta nik base erritmikoa ipintzen dugu, baina Moleroren gitarrak eraman gaitzan uzten dugu, eta gero Nerearen ahotsak definitzen du taldearen soinua.
G.M.: Ideia bat lokalera eramaten dudanean, hiruron artean ematen diogu kantari forma musikala, nahiko modu naturalean. Nerearen letra eta ahotsa batzen zaizkigu gero.  

Abestietan kontatzen dituzuen istorioek ere ematen diote Han taldeari izaera berezia...  
N.L.: Bai, beharbada, gure ingurune honetan orain arte gutxitan azaleratu izan diren gaiak direlako letretan lantzen ditugunak. Bederatzi kanta daude diskoan, gehienak neuk eta Gorkak idatzitakoak, baina beste hainbat nire lagunekin landu ditut. Gainera, Joseba Sarrionandiaren eta Oier Guillanen bi letra ere badaude diskoan.   

Zelan sortu zen Han?
K.G.: Gorka eta ni Non Demontre taldean ibili ginen, eta denbora bat elkarrekin aritu barik egon eta gero, berriro elkartu ginen. Kanarietatik Elorriora bizitzera etorri berria zen Migueli eta Nereari proposatu genien, gero, taldera batzea.
N.L.: Lehenago ere Karlosen eta Gorkaren taldeetan kantatu izan dut, baina orain bezain serio hartuta, sekula ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!