Elorrioko 80 bat kaltetu AHTaren aktak sinatzera deituta daude asteon

Anboto 2015ko aza. 23a, 10:10
AHTaren tunela, Iguria auzoan

Aste honetako martitzenean, eguenean eta barikuan, 80 bat herritar AHTaren desjabetza aktak sinatzera deituta daude, eta, kaltetuen artean, udala ere egongo da. Elorrio-Elorrio tarteko lurren desjabetza egingo dute, bertan obretan sartu aurreko prozedura lez.


Idoia Buruaga alkateak azaldu duenez, ez da agertuko aktak sinatzera. Uko egiteko arrazoia legearen araberakoa izango da; akta, desjabetuko den lurrean bertan sinatu behar dela esaten du legeak. Urri amaieran ere aktak sinatzeko deialdia egon zen, eta udalak jarrera bera eduki zuen.

EH Bilduko gobernu taldeak adierazi du ez duela “erraztasunik eskainiko” prozedura horietan. Gainera, Abiadura Handiko Trenaren proiektua “inposaketa bidez” aurrera eraman izana salatu du Buruaga alkateak.

Zati bakarra eraikita
Elorrion lau zati ditu AHTaren ibilbideak, eta, oraindik, bakarra dago eraikita. Obren “jarraipen zorrotza egin” eta kaltetuei laguntza tekniko zein juridikoa eskaintzeko asmoagaz, udalak batzorde berezi bat sortuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!