Argiñetako ermita ez dute, gutxienez, 2017ra arte konponduko

Anboto 2015ko aza. 11a, 11:48
Argiñetako teilatua konpontzeko, 100.000 eurotik gora beharko dira.

Argiñetako ermita egoera eskasean dago, teilatua apurtuta dagoelako. Udala eta auzokideak kezkatuta daude, baina 2017ra arte, gutxienez, ez dute konponduko. Izan ere, aldundiak ez du dirurik aurreikusi, ez aurtengo, eta ezta datorren urterako ere. Horren aurrean, ermita babesteko behin behineko neurriak aztertzen dabil udala, Idoia Buruaga alkateak adierazi duenez. Barruan dauden hilarri originalengatik kezka agertu du.


Alkateak azaldu du udalak hitzarmen bat zeukala gotzaindegiagaz, eta, aurten, 50.000 euro ipintzea aurreikusita zegoela.  Obra 100.000 eurotik gorakoa izango da, eta, antza denez, eliztarrek beste akordioren bat zeukaten aldundiagaz. Baina, Buruagaren arabera, akordio hori ez zen konpontzeko, nekropoliaren interpretazio-gune lez egokitzeko baizik. Bere iritziz, gotzaindegiak ez du dirurik ipintzeko asmorik.

Jesus Zenitagoia auzotarra arduratzen da ermita zaintzeaz, eta auzokideek “teilatua jausteko beldurra” dutela dio, “arriskutsu” dagoelako. Gaiaz berbetako, orain aste bi batzartu ziren udala eta auzokideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!