Munduko txoko ikusgarriak ezagutzeko aukera Elorrioko mendi astearen barruan

Anboto 2015ko aza. 5a, 18:00
Etiopiako arroila itzela Jinbar urjauziaren barrenean; 60 rapel puntu ditu 1.400 metroko desnibelean

Tanzaniako Kilimanjaro garaia, Etiopiko arroila sakona, Laponia hotza eta Groenlandiako mendi zein aurora borealak Elorriora gerturatuko ditu Erdellak antolatutako mendi asteak. Astelehen honetatik barikura bost proiekzio-hitzaldi antolatu dituzte abenturetan parte hartu duten protagonistekin.

Astelehenean Lur Basterretxeak Tanzanian bizitako kontuak ekarriko ditu Elorriora: Kilimanjaro mendira egindako igoeragaz batera, hango bizilagunekin izango esperientziak kontatuko ditu.

Martitzeneko filmak Etiopia neta hango Jinbar urjauziaren magalean dagoen arroilean barrena bizitako abenturak erakutsiko ditu. Lau egun eman zituzten arroila irekitzen. Ondoren, Javier Ruiz de Zubicoak emango ditu bidaiaren xehetasun gehiago.

Eguaztenean Irati Anda eskalatzailea etorriko da Elorriora. Hamarkada bat harkaitz artean izeneko proiekzioak eskalatzaile gasteiztarraren ibilbidea errepasatuko du.


Egueneko
emanaldiak Laponian (Suedia eta Norvegia artean) egindako eski zeharkaldi baten berri emango du. Espedizioak hiru elorriar izan zituen tartean. Alberto Agirreazaldegi etorriko da azalpenak emateko.


Barikuko
filmaren gaia hiru mendizalek Groenlandiara egindako bisita izango da. Belauntzi batean Groenlandiako kostaldea zehartu eta hainbat tokitan eskalada bideak ireki zituzten. Kepa Escribano espedizioko partaidea izango da Elorrion.

Hitzaldi denak 19:30ean hasiko dira. Irati Andarena Gaztetxean izango da; gainerako denak Iturri kultur etxean.

Emanaldiez gainera, bigarren eskuko mendi materialaren merkatua egingo dute eta argazki erakusketa bi ere antolatu dituzte: Anboto mendiko buzoia jarri zuteneko 100. urteurrenari eta Erdellako ekitaldiei buruzkoak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!