Bizkaiko ziklo kros probarik beteranoenak 500 ziklista batuko ditu domekan Elorrion

Anboto 2015ko aza. 4a, 15:07
Elorrioko Txirrindulari Elkarteko kideak eta Xabier Dominguez —eskuman— alkateordea.

Aurten San Joseko landak dezente ureztatuko dituzte probaren aurretik; ziklistek ibilbide lokaztua eskertuko dutela uste dute antolatzaileek orain arteko zirkuitu lehorretan hautsagaz borrokan ibili ostean

Domekan 40. aldia egingo du Elorrioko Ziklo Krosak, Bizkaiko probarik beteranoenak.  Espainiako Koparen barruko laugarren lasterketa izango da eta urtero legez estatu mailako onenak diren 500 bat txirrindulari batuko ditu mailaz mailaz. Kadeteetatik Masterretara maila denetako probak izango dira. 14 urte izango ditu gazteenak eta eta 69 nagusienak.

Urteurrena ospatzeko antolatzaileek parte hartzaileei egingo dieten oparia lokaztutako zirkuitua izango da. “Zirkuitua oso oso lokaztua egongo da”, abisatu du Elorrio Txirrindulari Elkarteko presidente Joseba Gorostizak. Eta txirrindulariek eskertuko dutela uste du, orain arteko proba bietan zirkuitu lehorretako hautsari aurre egiten nahikoa lan izan dutelako. Eguraldi eguzkitsua aurreikusita dago eta, beraz, zirkuitua  biguntzeko ureztatu egingo dute.

Bestelakoan, iazko ibilbideari eutsiko diote. Iaz zirkuitua moldatu egin zuten eta “oso erantzun ona jaso zuen”.  2,8 kilometroko bidean zehar oztopoak, salto natural eta artifizialak eta albora egiten duen penditz ezaguna gainditu beharko dituzte parte hartzaileek.

Elite mailan Aitor Hernández ermuarra —iazko irabazlea— da faborito argia gizonetan eta Aida Nuño asturiarra emakumeetan. 23 urtez azpikoan Felipe Orts valentziarra eta Alicia Gonzalez asturiarra izan daitezke indartsuenak. Egoitz Murgoitio abadiñarrak ere parte hartuko du hainbeste poz eman dizkion proban: bost bider irabazi du.

Juniorretan Jokin Alberdi eta Irene Travazo dira faborito eta kadeteetan Saioa Gil eta Jon Calvo.

40. urteurrena dela eta San Jose landan elorrioko ekoizleen nekazal produktuen azoka ere antolatuko dutela iragarri du Xabier Dominguez Elorrioko Udaleko alkateordeak.

 

Aurtengo ibilbidea:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!