Batzorde berezi baten aztertuko dute txosnak eta barrakak non ipini

Anboto 2015ko aza. 4a, 10:40

Aspalditik datorren gaia da txosna eta barraken kokalekuarena, eta udalak jarraipen batzorde berezi bategaz konpondu gura du. Udaleko alderdietako ordezkariez gainera, auzokideak eta txosnetako kideak ere gonbidatuko dituzte batzorde horretara, Idoia Buruaga alkateak adierazi duenez. Hurrengo urteetarako aukerak aztertuko dituzte guztien artean.


Auzokideek urteak daramatzate txosna eta barraken kokalekua aldatzeko eskatzen, zaratagaz gogaituta daudelako.  Aurreko udal gobernuak kokalekua aldatzeko berba eman zien, baina Buruagak dioenez, EH Bildu gobernatzen hasi denetik, ez dute asti nahikorik eduki aldaketa aurten gauzatu ahal izateko. Hala ere, txosna eta barraketan neurri berriak ipini dituztela esan du Buruagak, eta, aurten, inoiz baino kexa gutxiago egon dela.

Duela aste pare bat, udalaren eta auzokideen arteko batzarra egin zuten, eta dozena bat herritar agertu ziren. “Auzokideek esan ziguten lehen aldia zela batzarrera deitzen zituztela, eta ondo baloratu zuten”, esan du alkateak. Alde guztien arteko jarraipen batzordea izango da hurrengo pausoa; oraindik ez dute datarik ezarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!