Elorrio gobernatzeko, lau urterako plana egingo dute

Anboto 2015ko aza. 3a, 13:25

Elorrioko Udalak datozen lau urteetarako Gobernu Plana osatu gura du, eta horretarako, udal beharginen, elkarteen eta herritarren ekarpenak jasotzen hasi da. Batzarretarako deialdia egiteko, prentsaurrekoa eskaini dute EH Bilduko gobernu taldeko Idoia Buruaga eta Xabier Dominguezek eta Irantzu de Castro parte-hartzerako teknikariak.

Amestutako Elorrio Egin lemapean garatuko dute prozesua. Udal gobernuaren gestioan aldaketa bat suposatuko du planak; izan ere, udalek urteko aurreikuspenen arabera lan egiten dute normalean, eta Elorrioko kasuan, lau urteko perspektiba eman gura diote. Buruagak ikuspegi berri hori azaldu du: “Urteko aurrekontuak plangintza baten baitan egon behar du”. Edozelan ere, urteko aurrekontua lantzerakoan ere herritarren iritzia ezagutuko dutela dio Buruagak. Gainera, gainerako udal taldeak parte hartzera gonbidatu ditu: “Elorriok irabaziko du denon artean eginez gero”.

batzarretan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei: “Egunerokotasunak sortzen dituen arazoez gain, guk Elorrio sendo eta egonkor bat nahi dugu; anitza, aberatsa, erakargarria, euskalduna eta parte hartzailea".

Hauxe da batzarren egutegia:

Azaroak 10: Gazetan, 18:30ean. Aldape, Berrio, Iguria eta Urkizuaraneko bizilagunekin batera.

Azaroak 12: Miotan, 18:30ean. Berriozabaleta eta San Agustinekoekin ere.

Azaroak 19: Argiñetan, 18:30ean. Zenita, Mendraka, Gaztañeta, Lekeriketa eta Araunetakoak ere gonbidatuta daude.

Azaroak 17: Herrigunean, 14:30ean eta 18:30ean, Iturrin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!