Kanpazar-Iguria arteko mendi bidean bizikleta zale bat erori da altzairuzko kableen erruz

Anboto 2015ko urr. 30a, 16:00

WhatsApp-ean eta sare sozialetan bolo-bolo dabilen gertaera konfirmatu du DurangoMTB Sapubike elkarteak.

Sare sozialetan zabaldu den abisu batek Kanpazar eta Iguria (Elorrioko auzoa) arteko mendi bidean kontuz ibiltzeko dio. Bidean alde batetik bestera jarritako altzairuzko klabe baten ondorioz txirrindulari bat erori eta zauritu dela dio oharrak. Durango MTB Sapubike taldeak gertaera hori konfirmatu du. Elorrioko bizikleta zale bati gertatu zitzaion orain egun batzuk. Erorikoak zauriak eta ubelduak eragin zizkion.

Ez da horrelako kableak agertzen diren lehenengo aldia.Hain zuzen, Durango MTB Sapubike taldeak azken urteetan ekain inguruan antolatzen duen mendi bizikleta proban antzerako hari edo kableak aurkitu zituzten prestaketa lanak egiten zebiltzala: “Gu Kanpazar-Iguria ibilbide horretatik ibili izan gara eta orain arte ez dugu ezer aurkitu. Guk ez dugu beste inoiz tarte horretan kableak agertu izan diren konstantziarik. Baina Durangon ere ez ziren ikusten agertu ziren arte”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!