Elorrio, Euskal Ligan: "Jokalarien arteko kohesioa da taldearen indargune nagusia"

Anboto 2015ko urr. 30a, 10:45
Itxasne Larruskain, Ane Ibarra eta Irati Alberdi, Elorrioko futbol taldeko hiru kapitainak.

Iaz Elorriok Euskal Ligarako igoera lortu zuen, bere historian lehenengoz. Ane Ibarra, Irati Alberdi eta Itxasne Larruskain taldeko hiru kapitainak dira, eta beren ibilbide osoa Elorrion daramate. Eurak baino nor egokiagorik taldearen nondik norakoak azaltzeko.


Euskal Ligarako igoera ezustekoa izan zen?
Itxasne Larruskain: Talde bakarra igotzen zen, eta denboraldi osoa goian borrokatzen ibili ostean, bigarren amaitu genuen. Baina Nazional Mailako Abanto desagertu egin zen, eta horren eraginez, plaza berri sortu, eta geu igo ginen.
Irati Alberdi: Gontzalek [Arana, entrenatzailea] uztailean eta whastapp bidez jakinarazi zigun igo ginela. Egun horretan bertan, Durangora joan ginen ospatzera, baina ez ginen denok batu, eta Elorrioko jaietan urtero egiten dugun bazkaria ere igoera ospatzeko aprobetxatu genuen.

Taldeak jokalari berri asko ditu aurten?
I.A.: Ez, bakarra: Aitziber Valladares. Elorriarra da. Futbola utzita zuen, eta aurten bueltatu egin da.

Jokalarien erdiak elorriarrak dira, baina badaude herritik kanpoko hainbat ere. Kosta egiten da taldea batuta mantentzea?
I.L.: Oso ondo moldatu direla uste dut. Taldeko parte dira orain.
I.A.: Jokalarien arteko kohesioa da taldearen indargune nagusia eta kanpotik datorrenak ere ikusten du hori dela bidea.

Bizkaitik Euskadi mailako ligarako saltoa, zertan igartzen da gehien?
I. A.: Hasteko, partiduek hamar minutu gehiago irauten dute, eta igartzen dira. Intentsitateari dagokionez ere, beste erritmo batean jokatzen da.
A.I.: Talde ordenatuagoak eta kalitate handiagokoak aurkitu ditugu. Horrez gainera, beste aldaketa bat joan-etorriena da: orain urrunago joan behar izaten dugu.

Ligako bost jardunaldiren ostean, sailkapenaren goialdean zaudete. Espero zenuten horrelako hasiera?
Ane Ibarra: Mailari eustea da gure helburua. Baina ez gaude harrituta, lan asko egin dugu eta. Bagenekien irabazteko aukerak izango genituela. Egia esanda, garaipenak segidan etorri dira, eta etorriko dira bolada okerragoak ere.
I.L.: Nik ez nuen hain ondo hasterik espero. Zailtasun askogaz ibiliko ginela uste nuen. Baina pozik gaude, eta ea horrela jarraitzen dugun!

Zein da hain errendimendu onaren sekretua?
A.I.: Oso talde intentsoa garela uste dut. Nahiko goian presionatzen, korrika asko egin eta  taldea batuta mantentzen, horretan saiatzen gara. Badaude gu baino hobeak diren taldeak, baina gure baliabideekin irabazi ahal diegu.
I.L.: Gure sekretua talde izaera da. Talde moduan eta denok denontzat jokatzen dugunean irabazten dugu. Bakoitza bere aldetik hasten bada, sufritu egiten dugu.

Gol gutxi jaso dituzue, baina ez dituzue asko sartu. Taldea defentsako lanean oinarritzen da?
I.A.: Gol gehiago sartzea da hobetu beharreko alderdietako bat. Hori ikusten dugu.
A.I.: Baina ez gara talde defentsiboa. Aukerak sortu, sortzen ditugu, baina gehiagotan asmatzea falta zaigu.
I.L.: Egia da une honetan hobeto gaudela defentsan erasoan baino, baina horrek ez du esan nahi talde defentsiboa garenik.

Ane eta Irati, zuek areto-futboletik batu zineten Elorriora, eta taldea apurka hazten ikusi duzue. Hasi zinetenetik, egoera asko aldatu da?
I.A.: Asko aldatu da, bai. Alderdi guztietan, eta onerako. Jokatzeko eran, entrenatzeko moduan, taldeko balioetan… dena aldatu da. Hasierako urteekin alderatuz gero, orain beste seriotasun bat dago.
A.I.: Lehen ez zegoen neskarik jokatzeko. Klubeko presidenteak nire aitari eskatu zion ni futbolean hasi nendin konbentzitzeko, eta horrela hasi nintzen. Gauzak asko aldatu dira. Orain, dena serioagoa da, eta beste egitura bat dago.

Iaz, Iurretako desagertu egin zen jokalariak ez zirelako baloratuak sentitzen zuzendaritzaren partetik. Zuek zelako hartuemana duzue zuzendaritzagaz?
A.I.: Oso ondo tratatzen gaituzte, eta guztiz baloratuta sentitzen gara. Mutilen parean tratatzen gaituzte, berdintasunean. Harro daude igo garelako, eta asko animatzen gaituzte. Ez dugu batere kexarik.

Gontzal Arana duzue entrenatzaile, hiru urtean. Arrakastaren zer parte du berak?
A.I.: Gugan asko sinesten duen entrenatzailea da, eta guk ere konfiantza handia dugu berarengan.
I.A.: Gontzal oso pertsona inportantea izan da guk taldean dugun batasun hori sortzerako orduan. Denon artean lortu dugu, eta Gontzal ere horren alde indarra egin duen osagai inportanteenetakoa izan da. Hainbat entrenatzaile izan ditugu, eta berarekin lortu dugu gehien amestea.

Izango du akatsen bat ere…
A.I.: Ez dakit zer esan [pentsatzeko denbora hartzen du]. Batzuetan, hain konfiantza handia du gugan ezen uste du egiten duguna baino gehiago egin dezakegula beti. Bera konbentzituta egoten da. Batzuetan, lar baikorra dela ere esango nuke. Baina hobe horrela izatea, eta ez kontrakoa.

Zelan bizi duzue futbola? Zuen bizitzan zer garrantzia dauka?
I.A.: Denborapasa moduan hasi nintzen, eta gero eta serioagoa bihurtu da. Batzuetan, serioegi ere hartu izan dugu. Baina, behar dugun  zerbait da, kirola egiteko, lagunekin egoteko, gure ilusioak betetzeko…
A.I.: Nire aita futbolzalea izan da, eta San Mamesera txikitatik eraman nau. Etxean hasitako zaletasuna handitu egin zen taldera batutakoan. Azkenean, zure bizitzako parte bihurtzen da.
I.L.: Urteak aurrea egin ahala, taldea indartzen joan da, eta garrantzitsuagoa bihurtu da denontzat. Ez kirol arloan bakarrik, baita egiten diren lagunengatik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!