Hamargarren urtebetetzea ospatuko du film laburren Elorrioko lehiaketak

Anboto 2015ko urr. 28a, 13:08

16-18 talde parte-hartzaile espero dituzte antolatzaileek datorren astebururako, Elorrioko 24 Ordu Digitalean film laburren lehiaketan. Aurtengoa, 10. edizioa izango da. Azaroaren 6an emango dizkiete parte-hartzaileei lanak osatzeko jarraibideak, 17:00etan, Arriolan, eta hurrengo egunera arte ariko dira euren filmak grabatzen. Azaroaren 7an, 22:00etan, 24 orduan ekoizturiko lan guztiak emango dituzte Arriolan, eta sari banaketa egingo dute. Izena emateko 24ordudigitalean@gmail.com helbidera idatzi daiteke.


Karlos Gomez elorriarrak Edinburgotik ekarritako ideia hau duela 10 urte gauzatu zuten, Elorrioko Arriolan, lehenengoz. 24 orduan film labur bat pentsatu, grabatu, editatu, eta aurkeztea zen lehiaketa formatu berri horren planteamendua. Ordutik, Arriola antzokiagaz eta hainbat lagunen babesagaz antolatu dute 24 Ordu Digitalean, herriko kulturzaleei sorkuntza lan baten bueltan elkartu, eta esperientzia hori izateko aukera eskaintzeko helburu nagusiagaz. “Ondo pasatu, lan bat sortu, eta Arriolakoa moduko pantaila erraldoi batean proiektatuta ikustea sari itzela da”, azpimarratu du Gomez antolatzaileak.

Elorrioko  hainbat taldek parte hartu izan du, urteotan, lehiaketan, eta eskualdeko beste herri batzuetatik ere urtero-urtero joaten dira hainbat zinezale, 24 Ordu Digitalean-en euren filmak osatzera. Egonkortua dago lehiaketa, badagoelako zaletasuna: “Izan ere, lagun-talde guztietan dago baten bat edizioa kontrolatzen duena, grabatzea gustatzen zaiona, eta aktore izatea gura izan duena beti”.

Gazteen lehiaketa
24 Ordu Digitalean ekimenaren 10. edizioan burutuko dute, aurten, lehenengoz, 12-17 urteko gazteen film labur lehiaketa ere. Durangoko Amankomunazgoagaz antolatu dute, eta barikutik, zazpi eguneko epea izango dute euren lanak egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!