Elorriarren zergak ez dira igoko 2016an

Anboto 2015ko urr. 9a, 10:04

Zerga eta tasak bere horretan mantentzea erabaki du udalak. Hiru hobari berri egongo dira.

Elorriarrek, obrak egiterakoan, gastuaren %5 zerga moduan ordaintzen diote udalari. Bada, salbuespen berri batzuk ezarri ditu udalak. Batetik, irisgarritasuna hobetzeko etxean eginiko obrei lotutakoa. 65 urtetik gorakoa edo elbarria izanez gero, %100eko hobaria edukiko dute, eta beraz, ez dute zerga ordainduko. Orain arte, horrelako obra bat egitean diru-laguntza eskatzea zen aukera; orain, zuzenean ezarriko da. Horrela, tramiteak erraztuko direla uste dute EH Bilduko udal goebrnukoek. Bestalde, etxeetan igogailuak ipintzerakoan, zerga erdira arte bajatuko dute, baina beti ere 3.000 euroko kopurutik pasa barik.

Alde Zaharreko etxeetan ere hobariak egongo dira obrak egiterakoan. Izan ere, eremu horretako plan berezia zorrotza da etxeak eraldatzeko baldintzetan, eta horrek hobaria merezi duela uste dute udal ordezkariek. Hirugarren hobari berria, eguzki plakak ezartzerakoan egongo da, etxebizitza legearen aurretik eraikitako etxeen kasuan. Aldaketa hau EAJk proposatu du.

Adostasun bila

EH Bilduko Jon Ander Graciak adierazi du adostasuna bilatzea izan dela udal gobernuaren helburua, eta beste alderdien ekarpena eskertu du. EH Bilduren proposamena EAJren gustukoa izan da, baina jeltzaleak abstenitu egin dira, Alde Zaharreko etxeekin lotutako hobaria juridikoki txarto planteatuta dagoela uste dutelako. Mikel Arruabarrena jeltzelaren arabera, Aldundiko teknikariek esan diete hobari hori ezin dela era orokor batean planteatu. Baina, Graciaren esanetan, Alde Zaharreko etxeak babes mailaren arabera sailkatuta daude, eta hobariak ere mailakatuak izango dira. Gainera, udal teknikariengan konfiantza duela esan du.

Herriaren Eskubideko Juan Pedro Gallastegi abstenitu egin da, bere alderdiak ez duelako gaia lantzeko denbora eduki.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!