Han-hemengo errealitate sozialen inguruko dokumentalak, asteburuan, Elorrion

Anboto 2015ko urr. 2a, 11:50

KCD (Kultura Comunicación Desarrollo) Gobernuz Kanpoko Erakunde bilbotarrak zazpigarrenez antolatu duen Cine Invisible film sozialen jaialdiaren lagin bat Elorrioko Arriolan eskainiko dute, asteburu honetan. Hainbat herrialdetako errealitate sozialak lantzen dituzten zortzi film emango dituzte, gaur, bihar eta etzi, Elorrion.


Alemanian sortutako Dustin animaziozko film laburrak hasiko du jaialdia, gaur, 22:30ean, eta Nikaraguako emakumeen kooperatiba bati buruzko Soñando despiertas eta Life is waiting AEB eta Mendebaldeko Saharako dokumentalak emango dituzte, ondoren. Mendebaldeko Saharak Marokoren partetik jasaten duen biolentziaren kontakizuna da Life is waiting.

Urriaren 4an, 20:00etan hasita, dokumental bi emango dituzte Arriolako pantailan: euren lurraren aldeko Mexikoko indigenen borroka islatzen duen Agua sagrada, eta Boxing for freedom Afganistanen eta Espainiaren arteko ekoizpena. Bere herrialdeko boxeolaririk onena bilakatu zen Sadaf afganiarrari buruzko filma da azken hori.

Domekan, etzi, Errusian homosexualek bizi duten kriminalizazioari buruzko Primavera rosa en el Kremlin Errusiako eta Espainiako sortzaileen dokumentala, eta N´Diawaldi Bouly Mauritanian kokaturiko istorioa emango dituzte, batetik. Gainera, Lorea Pérez de Albéniz euskaldunaren Itsasoari begira dokumentala ere emango dute, domekako saioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!