Mikel Mendizabal: "Errebonbilo moduan behin irten denak errepikatu egiten du"

Anboto 2015ko urr. 3a, 10:00

Lehengusuak animatuta sartu zen Errebonbilo Mikel Mendizabal. Badira hamabi urte. Astebetean ikasi zuen aurreskua, eta gustua hartu zion. Bi urtera, kapitain hasi zen, eta oraindik ez du lekukoa ematerik izan.  Domekan du hitzordua hartuta.


Hamar urte egingo dituzu Errebonbiloen kapitain. Erantzukizun handia da?
Ez! Lehenengo urtean, urduritxo egongo nintzen, baina, behin martxa hartuta... Aurretik, urte bian errebonbilo ere  izan  nintzen.

Zaila egin zitzaizun martxa hartzea?
Ez. Buruan dena antolatuta izatea da gatxa. Materiala eta behar dena jartzeko pauta batzuk ditu udalak. Baina beste ezer ez dago zehaztuta. Hasi nintzenean, azken orduan egiten zuten dena.  Gero, arau batzuk ipini nituen: dantzan erakustea, entseguak aurretik hastea...

Kapitainaren lana da hori?
Batzuetan txistulariak egin izan du, besteetan kapitainak. Dantzaria izanik, erakusterako orduan, pauta batzuk jartzen saiatu naiz ni, erraztasunak emateko.

Zein da, ba, kapitainaren lana?
Errebonbiloak tiroak jo behar diren tokietara eroatea.Tiroa noiz eta nola jo agintzea.

Eta esana betetzen dute?
Plazan bai, entseguetan... Ez dira dantzariak. Baina, saiatzen gara ahal dena erakusten. Nahikoa egiten dute (barrez).

Anekdotarik kontatzeko?
Lehendik entzundakoak asko, baina, nigaz oso formalak izan dira. Iaz, errebonbilo bat ez ei zen arratsaldeko saioa egiteko gauza. Gaixorik zegoela zioen.Bai zera! Gaupasa eginda etorri zen! Urteetan errebonbilo irtendako bat topatu genuen Tangerren, eta animatu zen plazara irteten.

Parrandazale fama duzue.
Hala da. Hori da gantxoa jendearendako.

Nola joaten da eguna?
Goizean, 05:00etan hasten gara. Kalean 12 tiro jo, eta Tangerren gosaria izaten dugu. Alkatearen etxera  joaten gara gero— han ere mokadua izaten dugu—. 16:00etan elkartzen gara berriro, errosarioa amaitzen denerako prest egoteko. Prozesioagaz joaten gara gero, eta, Ama Birjinaren irudia gorde ostean, plazara heldu aurretik, azken tiroak botatzen ditugu. Plazan armak utzi, eta dantza saioa hasten da.

Gero, parranda?
Bai, poteoa. Tangerren afaldu, eta biharamunean, lanera.

Herria iratzartzen duzue.
Bai. Baliteke norbait gogaitzea, baina, ez dugu kexarik jaso. Orokorrean, ondo hartzen dute. Batez ere, arratsaldeko saioa. Beharbada, goizaldekoa ez hainbeste.

Elorriar denek errebonbilo izan beharko lukete, bizitzan behin behintzat?
Bai. Durangaldean, herri guztietan egiten zen arma-aurkeztea, eta Elorrion ohitura hori mantendu edo berreskuratu dugu. Mito batek dioen  arabera Lepantoko gerra amaituta, Amandarroko bi anaia etorri zirela tiroak joaz, eta Errosarioko Ama Birjinaren eguneko salbekin batu ziren. Bizkaian mantentzen den arma alarde bakarra da. Polita izaten da. Gainera, behin irten denak errepikatu izan du.

Hori bai, dantza ikasi behar...
Banan-banakoa, arin-arina eta fandangoa denok egiten ditugu. Erdi bildurrez etorri da nor edo nor, baina, abilidadea gorabehera, moldatzen gara.

Kapitainak aurreskua ere bai.
Bai, eta bati irakasten nabil, erreleboa emateko. Oso ondo dabil! Ea aurpegi berriak ikusten ditugun laster, plazan.

Neskak ere irteten dira...
Bai. Aurten bi; hirugarren bat ere prest zegoen. Urtero, 3-4 irten dira. Ohitura kontua ere bada. Ateak zabalik dituzte!

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!