Txintxirri omendu dute, ereduari eusteagatik

Anboto 2015ko ira. 28a, 12:52
Txintxirri ikastolako ordezkariak, Azpeitian. (Argazkia: elorriokoikastola.eus)

Zapatuan ikasturte hasierako ekitaldia egin du Ikastolen Elkarteak Azpeitian, eta bertan Elorrioko Txintxirri ikastola omendu dute, beste hiru ikastolagaz batera. 1993an, Eskola Publikoaren Legearen ondorioz, zatiketa gertatu zen ikastoletan, eta batzuk egoera zailean geratu arren, ereduari eustea erabaki zuten.


Txintxirri izan zen ikastola horietako bat, eta arduradunek esan dute “erabaki zaila eta sendoa” izan zela: “Momentu gogorrak izan ziren baina bidea urratsez urrats eraikitzen jarraitu zuen taldeak”.

Gainera, harro daudela diote,  “ikastolak eskaintzen duen hezkuntza, eredu propio eta nazionalean oinarrituta dagoelako, eta etengabeko hobekuntzaren bidean kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugulako”. Ikastolak herritik herriarentzat sortuak direla ere gogoratu dute, eta auto-eraketan oinarritzen den eredua dutela ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!