Ferixa Nausikoetako kexak eta proposamenak jasotzeko postontziak ipini ditu udalak

Anboto 2015ko ira. 18a, 13:18

Jaien balorazio positiboa egin dute Idoia Buruaga alkateak, Maitane Lopez zinegotziak eta Iñaki Larrañaga Txanok, udalaren eta jai batzordearen izenean eman duten prentsaurrekoan. Bestalde, urrian, txosna eta barraken kokaguneaz berba egingo du udalak auzokideekin.

Udaletxeko arreta zerbitzuan eta Iturrin postontziak ipini ditu udalak, Ferixa Nausikoen inguruko kexa eta proposamenak jasotzeko. Idoia Buruaga alkateak (EH Bildu) adierazi du "hobetzen jarraitzeko" ikuspegiagaz pentsatu dutela herritarrei iritzia galdetzea, eta hurrengo urteetarako ideiak postontzietan sartzeko deia ere egin du. 

Bestalde, Buruagak azaldu du urrian aparkaleku inguruko auzokideekin batuko direla, txosnen eta barraken kokalekuaz berba egiteko. Aurten ez ei da kexarik egon, baina aurreko urteetan bai; ondorioz, kokalekua aldatuko zela hitza eman zuen aurreko gobernu taldeak. Buruagak esan du udalean sartu berri direla, eta denbora gutxi edukitzeagatik ezin izan dela kokalekua aldatu. Aurreko gobernu taldeak, udaletxe atzeko lursail bat hartu zuen lau urtetan herriko gauzetarako erabiltzeko, baina EH Bilduk zalantzak ditu leku horretan txosna eta barrakak ipintzeaz, berdegune bat izanda porlana bota beharko litzatekeelako.

Parte-hartze handia

Jaietako ekintzetan parte-hartze handia egon da. Adibidez, Kuadrillen Egunean 1.600 pertsona batu ziren, eta Sukalki Egunean 1.200. Horrez gainera, jaiak giro onean eta eraso sexistarik barik –ez dute berririk izan behintzat– garatu direla nabarmendu dute udalak eta jai batzordeak.

Kezka bat ere agertu dute: kaleko edana edo botila-festa. Aurten nerabeen arteko ohitura hori hazi egin dela esan dute, eta gaia udalean aztertzeko beharra ikusi dute. Edozelan ere, nerabe gehienak kanpotik etorritakoak izan direla uste dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!