San Agustineko jaiak ospatuko dituzte eguenean eta barikuan

Anboto 2015ko abu. 24a, 10:46
Besaide dantza taldeko kideek ez dute huts egiten urteroko hitzordura.

Eguen iluntzean jasoko dute txopoa, eta kantu afaria izango dute gero. Barikurako, umeen jolasak eta Itziarren Semeak taldearen kontzertua antolatu dituzte, besteak beste.

Ferixa Nausikoetarako aste beteren faltan, San Agustin auzoko jaiak prest dauzkate Olazar auzo elkarteko kideek. Eguenean 19:00etan jasoko dute txopoa, eta gero kantu afarian batuko dira. Barikuan egun osoko jaia izango dute: Eguerdiko 12:00etan meza eta argazkien erakusketa izango dituzte. Ostean, Besaide dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta igel txapelketa izango dute. 14:30ean auzo bazkarian elkartuko dira.

Arratsaldean ere giroa egongo da Etxebarriako San Agustinen. 17:30ean umeentzako jolasak eta eskulanak izango dituzte, eta 19:00etan Zeren Zain? pailazo taldearen emanaldia. Gauerako kontzertua prestatu dute: Itziarren Semeak talde bilbotarrak ska, reggae eta punk doinuak ekarriko ditu San Agustinera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!