Alkatearen liberazioak harreman tirabiratsua azaleratu du

Anboto 2015ko uzt. 24a, 16:22
Elorrioko Udalaren inbestidura saioko irudi bat

Idoia Buruaga alkateak (EHBildu) lanaldiaren %66an jardungo du udaletxean, urtean 29.394 euroko soldata gordina jasoz. Era berean, Xabier Dominguez alkateordea %50an liberatuko da —urtean 20.605 euroko soldata gordinagaz—. EHBildu eta EAJren artean tira-bira gogorrak eragin zituen gai horrek azken osoko bilkuran. Lana eta familia bateragarri egiteko murriztu du lanaldia Buruagak. "Aitzakia" da hori EAJko bozeroale Joseba Mujikaren ustean. Atzean bestelako arrazoia dagoela dio: "Udala bakarrik kudeatzeko dituen gabeziak". Herriaren Eskubidea taldeko Juan Pedro Gallasteguik liberazioen alde bozkatu zuen, baina, ez zuen eztabaidan parte hartu.

EAJk "ulertezina" deritzo alkatea %100ean ez liberatzea. "Alkateak, edo ezin badu berak izendatutako ordezkoak, udalean %100ean lan egin behar duela uste dugu, eta herritargoak ere bai". Alkate izatea ez da lanpostu arrunta, diotenez. "Herritarren zerbitzura egon beharra du 24 orduan, urtean 365 egun", nabarmendu du Mujikak. "Herri zein herritarrentzat oso garrantzitsua den enpresa publiko lez logikarik ez du arduradun nagusia %66an liberatzea". Udala kudeatzeko Buruagak dituen "gabeziak" daude atzean jeltzaleen berbetan. "Horrela ez bada maltzurkeriaz jokatu dute".

Buruagak nabarmendu du, berriz, ama izateak eta udalari dedikazio esklusiboa ez emateak ez duela inor alkate izateko ezgai egiten. "Inondik inora ez du esan gura beste edonork baino gaitasun gutxiago dudanik". Udal jardunerako bi pertsona liberatzea "ona" eta "aberasgarria" dela uste du EHBilduko alkateak, eta lan-taldean sinisten dutela nabarmendu du: "Alkatearen irudiaren atzean lan talde bat dago. Oso gustura izango naiz alkate; aurretik lan handia dugu egiteko, eta lan taldean egingo dugu. Pertsona bi gaude horretarako liberatuta, denbora gehiago izango dugu eta leku gehiagotara heltzeko aukera izango dugu". Hala ere, EAJk ez du justifikatuta ikusten %116ko liberazioa: "Aurretiko legealdietan erakutsi da ahalegina eginez gero udala kudeatu daitekela".

Alkatearen jardunerako aurreko legealdian baino 13.000 euro gutxiago erabiliko direla ere gaineratu du Buruagak: "Konpromisoagaitik gaude gu hemen eta lan ona egin genezake. Gauzak beste modu batera egin gura ditugu". 

Familia "baztertu gabe" alkateak dedikazio esklusiboa "bermatu" behar duela dio Mujikak. Eta gaur egun bi jardunak bateragarri izan daitezkela gaineratu: "Horrela erakusten dute udalgintzan edo politikagintzan diharduen gero eta emakume gehiagok". Buruagaren ustez, berriz, hausnarketarako gaia da, zergaitik diren emakumeak gizonezkoak baino gutxiago politikan edota udalgintzan. "Lanaldia murriztu arren, gizonezkoa zein emakumea izan, gaitasun berdina dugu lana betetzeko". EAJren diskurtsoari "ulertezina" deritzo Buruagak.

Erakutsitako "antolaketarik eza" kritikatu du EAJk

Legealdi berrirako udalbatza eratu zenetik udala "geldi" egon dela ere salatu du Mujikak: "Liberazioak erabakitzeke eta batzordeak eratzeke egon dira orain arte. Abuztua dator orain eta herriko jaiak ere tarteko direla irailaren amaierara arte geldi egongo dira garrantzitsuak diren hainbat gai; batzordeetatik pasatu beharreko gaiak". Udalak antolatzeko orduan EHBilduk "erakutsitako antolaketarik eza" nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak.

Beste alde batetik, zortzi udal batzorde sortzea erabaki zen aho batez. EHBilduk 10 batzorde eratzea proposatu zuen, "zeharkakotasuna hobeto" jasoko delakoan. Hala ere, azkenean EAJren proposamena onartu zen. Buruagak EAJren jarrera "guztiz suntsitzailea" kritikatu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!