Iñigo Murua: "Indigenek aurrera egitea zailtzen du egoera ekonomikoak eta politikoak"

Anboto 2015ko uzt. 18a, 10:00

Venezuelako Monagas Estatuko Caripe herrian bizi da Iñigo Murua urtearen zati handi batean. Herri Indigenen Ministerioan lan egiten duen chaima indigena du emaztea, eta, haren bitartez, indigenen errealitatea ezagutzeko aukera izan du. Chaima indigenen kultura sustatzeko eta dituzten arazoei aurre egiteko lan egiten duen Asochaica (Asociación Chaima Caripe) elkartean ere badabil Murua. Caripeko komunitate indigenari laguntzeko kanpaina solidarioa abiatu zuen ekainean, Elorrion, Santa Ana komentuko ama domingotarrekin.


Zer egoera ezagutu duzu Venezuelan?
Egoera latza bizi dute. Ez dute botikarik herrialde osoan, are gutxiago komunitate indigenetan. Guretzat txikikeriak izan daitezkeen hainbat arazo ere badituzte: etorri aurretik, maiatzean, komunitate indigena batean, hiru egunez izan zuten etxean hildako baten gorpua, lur eman ezinda. Asochaicaren bitartez lortu zuten hilkutxa. Asko botika bila ere joaten dira. Elorriora nentorrela-eta, lagundu ahal izateko txosten bat eskatu nien: Chaima indigenak nortzuk diren eta bizi duten egoera zein den jaso zituzten txostenean.

Hori oinarri hartuta, elkartasun kanpaina  bat abiatu zenuen ekainean, Elorrion.  
Horrela da. Ikastetxe guztietara jo dugu eskola materiala batzeko; Venezuelan ez da erraza hori lortzea, eta gutxiago indiginentzat. Gainera, oso garestia da. Botikak lortzeko, berriz, Elorrioko bi farmazietara jo dugu; indigenek eurek eskatutako botiken zerrenda utzi dugu, herritarrek jakin dezaten zer behar duten.

Kanpainarako Santa Ana komentuko ama domingotarren laguntza izan duzu.
Bai. Askok ez dakiten arren, otoitz egiteaz eta pastelak egiteaz gain, isil-isilean lan asko egiten dute beste herrialde batzuetan; Afrikan, batez ere. Ikasturtea amaitu den arren, Santa Anara eraman daiteke oraindik ikas materiala. Uztailaren 31 bitartean dago kanpaina martxan.

Nola doa kanpaina?
Batutakoa asko edo gutxi izan, ni konforme nago, batutakoa gutxi bada ere, han oso baliagarria izango delako. Gainera, gaur egungo egoera ez da onena. Eskola materiala batu da botikak baino gehiago, baina erantzunagaz pozik nago. Lagundu duten horien artean inorengan kontzientzia sortu bada, pozik nago!

Kontzientzia sortzea?
Ekitaldi batean, indigenei eta kolonizazioari buruzko eskuorri bat eman zidaten, Saldando la deuda histórica izenburukoa. Gogoeta eginarazi zidan. Guk ere badugu zor historiko hori. Elorrio ezaguna da bere jauregi eta eraikin ederrengatik, eta badakigu nondik datorren aberastasun hori guztia: Ameriketatik. Gure herria aberastu zen, bai, baina beste batzuen kontura. Espainiarrak eta europarrak heldu zirenean, guztiz zapaldu zituzten indigenak, eta euren hizkuntza desagertu egin zen. Hugo Chavezek aintzat hartu arte, indigenak guztiz zapalduta eta baztertuta egon dira Venezuelan. Milaka hil zituzten militarrek, eta gaur egun ere indigena askok ez dute onartzen izaera hori, egoera aldatuz doan arren.

Aberatsak dira baliabide naturaletan...
Munduko aberatsenetarikoa da Venezuela –petrolioa, gasa...–, baina hartu-eman politiko-ekonomikoek asko zailtzen dute indigenek aurrera egitea. Gobernuak baditu zenbait ekimen Gran Misión izenekoak. Adibidez, Gran Misión Vivienda. Etxerik ez duen venezuelarrari etxebizitza ematen dio; indigenei ere bai. Nire emazteak horretan egiten du lan, komunitate indigenetan dauden beharrekin errolda bat egiten du, ministeriora bidaltzeko. Egoerak aztertu ostean, eta premien arabera, buztinezko etxea kendu, eta bizileku duin bat ematen die gobernuak. Ez dira pobreziatik irteten, baina pobrezia duintzen du. Indigenak orain dela milaka urte bezala bizi dira: sukalde barik, komun barik... Petrolioaren diruak eragiten du herritarrengan, bai, baina, nire ustez, ez behar lukeen beste.

Azpiegiturekin ere arazo larria dute.
Bai. 78 kilometroko errepidea du Caripek, eta bost komunitate lotzen ditu; lurrezko bideak dira, eta, euria denean, ez dago ibiltzerik. Hor ahalegin handiagoa egin beharko luke gobernuak. Nekazariak dira, kafea ekoizten dute, adibidez, eta ekoiztutakoagaz bizitzeko aukera izango lukete; osasun larrialdietarako ere onuragarria izango litzake. Garraiobideak ere premiazkoak dira.

Eskolara joateko ere kilometro piloa.
Arlo horretan, El Palmar de Paraderon bi gelako eskola eta anbulatorioa eraikitzeko zozketa bat antolatu dugu. Mugitzeko zailen komunitate horretan dute; gainera, beste komunitateei ere zerbitzua emateko errazena delakoan gaude. 5.000 euro behar ditugu, eta 800 euroko balioa duen txartela zozkatuko dugu uztailaren 31n. Santa Ana komentuan eta saltoki laguntzaileetan daude txartelak salgai. Oraindik badago laguntzerik, eta Durangalde osora zabaldu gura dut deia. Horretarako inigo.murua@bizkaia.eu e-maila edo
675 652 221 telefonoa erabili daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!