'Argi' filmaren grabaketa hasiko dute, astelehenean, Elorrion

Anboto 2015ko uzt. 16a, 11:15
Besteak beste, dekoratuetan azken ukituak egiten ibili da lantaldea.

Astelehenean ekingo diote Iratxe Mediavilla zuzendariak eta bere lantaldeak Argi film luzea grabatzeari, Elorrion. Filmazioa hiru astekoa izatea aurreikusi dute, eta, filmeko lokalizazio guztiak Elorrion daudenez, “herri osoa zinema set bihurtuko” dutela aurreratu du lantaldeak: “Zinema usaina edukiko du datozen hiru asteetan Elorriok, zinema giroa arnastu eta ia ukitu ere egin ahalko da”.


Filma gauzatu ahal izateko koordinatu beharreko arlo guztietan lanean ibili dira azken asteotan. Zinemagintzako sail bakoitza datozen egunetarako baliabideak prestatzen ibili da, eta “dena martxan” dute: dekoratuak, jantziak... Argi filma osatuko duten detaile guztiak prest dauzkate, astelehenean grabazioari ekiteko.

Astelehenera begira, urduritasuna eta “itomena” sentitzen dutela aitortu dute lantaldeko kideek. Baina horrelako proiektu handi bat abiatzean, hori ohikoa dela uste dute. “Suposatzen dugu lehenengo eguna anabasa handia izango dela”, azpimarratu du Mediavilla zuzendariak, “baina, lehenengo eguneko oztopoak gainditu ostean, urduritasuna ere desagertzen joango dela uste dugu”.

1970eko hamarkadan kokaturiko istorioa da Argi. Itotzen duen herritik alde egin guran protagonistak bizi duen barne gatazka kontatzen du filmak: lekuz kanpo sentitzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!