Garamenditar Agustin musika eskolak jaurtiko du Ferixa Nausikoetako txupinazoa

Anboto 2015ko uzt. 14a, 15:46
Musika eskolako kideak, Idoia Buruaga alkatea eta Maialen Arregi aurtengo jaietako kartel egilea.

Musika eskolaren 25. urteurrena dela-eta, hasiera ofiziala emango dio jaiei. Txupinazoaren unea sorpresaz beteta egongo dela aurreratu dute musikariek.

Elorrioko Ferixa Nausikoetako jaiak aurkeztu dituzte gaur goizean. Aurtengo jaiek musikagaz lotura berezia izango dute. Izan ere, aurten 25. urteurrena ospatuko duen Garamenditar Agustin musika eskolako kideak izango dira txupinazoa jaurtiko dutenak. Rosa Azkarate musika eskolako zuzendaria da duela 21 urtetik, eta txupinazoa jaurtitzea “ilusio handiz” hartu dutela aitortu du: “Gutaz gogoratzea ohorea da”. Udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtitzeko unea sorpresaz betea egongo dela aurreratu du Azkaratek.

Aurtengo erronka nagusia aurrekontu murriztuari aurre egitea izan dela aitortu du Idoia Buruaga alkateak. Hala ere, programatzaileek eta Jai Batzordeak euren lana “primeran” bete dutela esan du. Ildo horretatik, ekitaldi herrikoiak lehenetsiko dituztela gaineratu du. Ekitaldien artean, Elorrioko II. Artzain Txakur Txapelketa lehenengo zapatuan, irailak 5, izango dela nabarmendu du Buruagak. Tradizioz betetako ekitaldiek ere ez dute hutsik egingo: Sukalki Egunak, danborradak eta erromeriak, besteak beste.

Gainera, ez jaietan, ez gainontzeko egunetan, Elorrion ez dutela jarrera matxistarik, sexistarik eta biolentorik onartzen azaldu du Buruagak. Ildo horretatik Jai Batzordea gaia lantzen dabil.

Feriari buruzko kartela

Maialen Arregi elorriarraren kartela izango da aurten jaiak iragarriko dituena. Jone Guenetxea ANBOTO astekariaren zuzendariak eman dio 500 euroko saria kartel lehiaketaren irabazleari. Arregik azaldu duenez, kartelaren sorkuntzak feriari keinu bat egitea izan du helburu. “Baserritarrek urtean jasotako uzta ekartzen dute azokara, eta guk uzta oparo hori jaso egiten dugu. Horrela, jaietako hainbat elementu zaku batean jaso ditut”. Arkitektura ikasle honek bere herriko jaietako kartel lehiaketa irabazten duen bigarren aldia da hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!