Jose Mari Azkarate: "Herbehereetan, Meteosat proiektuaren koordinazioa egiten genuen guk"

Anboto 2015ko uzt. 11a, 10:00

Telebistako eguraldi iragarpenak urte osoan pizten du interesa, eta emisio arrakastatsuenetako bat da Euskal Herrian. Bero egin duen egunotan ere, arreta handiz jarraitu ditugu iragarleen aurreikuspenak. Hurrengo ordu eta egunetan egingo duen eguraldia asmatzeko lan horretan, paper garrantzitsua betetzen du Meteosat sateliteak. Bada, urrutira joan barik, elorriar bat ibili da satelite horren eraikuntzan. 1986an, Herbehereetara joan zen Jose Mari Azkarate, Europako Espazio Agentzian (ESA) lan egitera, eta, duela lau urte jubilatu zen arte, Meteosaten koordinazio lanetan ibili zen. Eguaztenean jaurtiko dute Guayana Frantsesetik Meteosat berria, satelite familia horretako bigarren belaunaldiko laugarrena. Alemaniatik zuzenean jarraituko du Meteosaten bidaia.


Zenbat urte eman zenituen Europako Espazio Agentzian?
25 urte egin nituen. 1986an joan nintzen, eta 2011n etorri. Hara joan orduko, Sener enpresan egon nintzen beharrean, espazioko sailean. Noiz edo noiz  joaten ginen ESAra proiektuak aurkeztera, eta, halako batean, oposaketak egiteko aukera irten zen, eta izena eman nuen.

Zelako esperientzia izan zen pertsonalki?  
Ona. Lehenengotan apur bat gogorra izan zen, seme-alabak txikiak zirelako. Lau bat urte egin, eta bueltatzea pentsatzen genuen. Baina beste lau egitea erabaki genuen, eta, zortzi urte eginda genituenerako, umeak hango bizimodura ohituta zeuden. Ondo zeuden, eta han geratu ginen.

Lana gustatu zitzaizun? Zer proiektutan ibili zinen?
Bai, erraza zen, ez zen batere gogorra. ERSn (Earth Resort Satelite) hasi nintzen lanean, lurraren behaketarako satelitean. 1991n jaurti genuen espaziora, eta bigarren eredua 1995ean. Gero, Meteosat proiektura pasatu nintzen, 1999 inguruan. 2002an bota genuen MSGren (Meteosat Second Generation) lehen satelitea. Zazpi egon ziren lehenengo belaunaldian, eta orain botako dutena bigarren belaunaldiko azkena izango da. Gero hirugarren belaunaldia etorriko da.

Jose Mari Azkarate, ezkerretik hasita bigarrena, Meteosat satelitearen ondoan.Zein zen zure taldeak zeukan ardura?
Herbehereetan, Meteosat proiektuaren koordinazioa egiten genuen. Meteosat zatika eraikitzen da Europa osoan: Frantzian, Alemanian, Italian... Zati horiek Cannesen (Frantzia) batzen dira. Edukiontzi handi batean sartzen da satelitea, eta handik Guayana Frantsesera (Erdildeko Amerika) bidaltzen da, gero bertatik jaurti ahal izateko.

Zelan egiten da satelitearen jaurtiketa?
10.000 kilometrora heldu bitartean, suziri batek altxatzen du. Baina hortik aurrera, ez dagoenez grabitate askorik, beste motor batzuen bidez jartzen da orbitan. Geoegonkorra da, beti dago leku berean. Sateliteak badaki Siviri kamerak norantz begira egon behar duen, hori delako lurra ikuskatzen duena. Irudiak atera, eta antenatik bidaltzen ditu. Proiektuak 300 milioi euroko aurrekontua eduki dezakeela uste dut. Horretaz gainera, suziria bera ere ordaindu behar da, eta beste 100 bat milioi balioko ditu.

Eta satelitetik gure telebistetara...
Irudiak Eumesat agentziara heltzen dira, eta horrek Europan zabaltzen ditu. Gero, radarrek emandako datuekin osatzen dituzte irudiak meteorologoek.

Eta zer gertatzen da aurretik espazioan dauden satelite guztiekin?
Sateliteak lurretik 44.000 bat kilometrora egoten dira, Ekuador parean, baina beti leku berean; Lurragaz batera buelta ematen dute. Zazpi urterako bizitza daukate berez, baina orain arte gehiago izan dute. Berria botatzean, horiek lekuz aldatzen dituzte. Eguaztenean, laugarrena bota ostean, sei bat hilabete beharko ditu bere lekuan ondo kokatu ahal izateko. Badaezpada, aurrekoa izango du alboan, arazorik balego, ordezkoa izateko. Horren aurrekoa, orbitatik ateratzen dute, kontrol barik, nahiz eta badakiten non dagoen. Gero, desintegratu egingo da.

Ikusiko al duzu eguazteneko jaurtiketa?
Alemaniako operazioen zentroan egongo naiz. Pantaila handi bat dute han, eta zuzenean ikusi daiteke jaurtiketa.

Egungo zibilizazioaren kezka bat da ea hor kanpoan bizitzarik egongo ote den.
Ez dut larregi sinisten gauza horietan; egon liteke, beharbada. Zientifikoak badabiltza lanean, eta uste dute nonbaiten egongo dela, baina inork ez daki. Baliteke, egunen batean, zerbait topatzea, baina urte asko beharko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!