“Aurten ondo aritu naiz eta Europako txapelketa sari moduan hartzen dut”

Anboto 2015ko uzt. 9a, 18:38

Ziortza Isasik (1995, Elorrio) pistako Europako Txapelketan parte hartuko du bere ibilbidean lehenengoz. Hilaren 14tik 19ra izango da, Atenasen.

Europako txapelketan Espainiako selekzioa osatuko duten hautatuak prestaketa lana burutzen ari dira egunotan Palmako belodromoan. Ziortza Isasi da emakumeen taldea osatuko duenetako bat. Europa mailan lehiatuko duen lehenengo aldia izango da eta deialdia jasotzeak “ilusio handia” egin ziola onartu du: “Aurten hobeto aritu naiz eta Europako txapelketan aritzeko aukera sari moduan hartzen dut”, dio 19 urteko elorriarrak.

Kadete adina zuenetik errepidea —BZK taldea— eta belodromoa uztartzen ditu: “Ezingo nuke bat aukeratu, biak berdin gustatzen zaizkit”. Indar handiko txirrindularia da, potentzia askokoa, eta horiek oso dohai preziatuak izaten dira pistako probetan. Jubenil mailan zebilenean Espainiako txapelketa irabazi zuen banakako jazarpen proban.

Astearte goizean lauko errelebo proba

Zapatuan Palmatik Atenasera (Grezia) joango dira. Isasik lauko taldeko errelebo proban (16 itzuli) parte hartuko du astearte goizean. Ane Iriarte billabonarra, Irene Usabiaga ordiziarra eta Sheyla Gutierrez errioxarra izango ditu taldekide. Proba horrek txirrindularien arteko koordinazioa eskatzen du eta alderdi hori ezin izan dute nahi beste landu Palmako entrenamenduetan: “Bata falta zela, bestea falta zela, gutxitan egon gara laurak elkarrekin. Oraindik hobetzeko asko geratzen zaigu”. Beraz, Atenasen “gure orain arteko denborak hobetzea izango dugu helburu”. Oso zail ikusten du finalera sailkatzea eta zer esanik ez dominen borrokan aritzea: “Beharbada larregi eskatzea. Maila handia dago Europako txapelketan”. Edozelan ere, “orain arte egindakoak etorkizunera begira lagunduko digu”.

Beste probaren batean parte hartuko ahal du? Ezin jakin: “Baietz esan didate, baina ez dakit beste ezer. Atenasen bertan emango digute informazio hori”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!