Christian Gulinek Elorrioko Buskantzan jokatzea aukeratu du

Anboto 2015ko uzt. 9a, 11:10
Christian Gulin abadiñarra

Durangoko Mendibeltz taldean denboraldi oso ona osatu ostean hainbat talderen eskaintzak izan ditu eta azkenean Elorriorako bidea hartu du.

Elorrioko Buskantza FKE datorren denboraldira begirako taldea osatzen ari da eta fitxaketa biren berri eman du: Christian Gulin (20 urte, Abadiño) eta Aitor Uriarte (26 urte, Elorrio).

Christian Gulinek areto futboleko Bigarren Erregionalean jokatu du aurten Mendibeltz taldeagaz. Hurrengo denboraldian Euskal Ligako Elorrioko B taldean arituko da, baina 23 urtez azpiko jokalaria denez lehen taldearekin ere aritu daiteke: “Durangaldeko talde askok ikututako jokalaria izan da baina azkenik Elorrioko Buskantzaren proposamena onartu du”, azaldu dute Buskantzako ordezkariek bere blogean eta Gulinen dohai nagusiak zehaztu dituzte: “Kalitate asko duen jokalaria da, txikia baina indar askokoa, oso azkarra eta borrokalari fina”. Zaldibarko nahiz Berrizko areto futbol txapelketetan “bere taldearen ikur bezala aritu izan da jokoaren pisua eramaten”.

Mendibeltz taldeak zorte ona opatu dio Gulini sare sozialen bidez: “Erronka handia onartu du eta ez dugu inolako zalantzarik emaitza onarekin gaindituko duela”. Berba on gehiago ere izan dituzte: “Jokalari itzela izateaz gainera, pertsona itzela da. Duda barik, Elorriokok bete-betean asmatu du fitxaketa honekin”.

Aitor Uriarte, aldiz, Elorrio futbol taldetik dator pibot bezala aritzeko. Lehenengoz jokatuko du areto futboleko liga batean, baina 5eko futbola ez zaio erabat arrotza egingo Elorrioko Buskantzarekin Zaldibarko areto futbol maratoia jokatu eta irabazi duelako: “Gorputz handiko jokalaria eta indar askokoa da eta bizkarrez ondo jokatzen dakiena”, klubetik jakinarazi dutenez. Uriartek Cristopher Dalbog jokalariak utzitako lekua hartuko du.


Aitor Uriarte elorriarra:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!