Iñaki Reta elorriarra atxilotu dute, Xabier Goienetxeagaz, ETArekin lotura izan dezaketelakoan

Anboto 2015ko uzt. 8a, 08:23

Berri agentzien arabera, ETArekin lotura izan dezaketelakoan Iñaki Reta elorriarra eta Xabier Goienetxea atxilotu zituzten atzo Ortzaitzen (Nafarroa Behera). Elorrion, atxiloketa salatzeko mobilizazioa egingo dute gaur 20:00etan plazan hasita.

 

Polizia iturriek jakitera eman dutenez, Ortzaitzeko etxearen jabeak ere atxilotu dituzte, eta polizia operazioa zabalik dago. Hainbat hedabidek, iturri antiterroristak aipatuz, Reta eta Goienetxea ETAren "aparatu logistiko-militarrarekin" lotu dituzte. Atxiloketen unean, goizaldean, elkarretaratzea egin dute Ortzaitzen, eta Frantziako Polizia euren kontra oldartu da; hainbat lagun zauritu dituzte poliziek.

Iñaki Retak hamalau urte egin zituen kartzelan, 1982tik 1996ra, ETAko kide izatea leporatuta. 2008an berriro auziperatu zuten, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian, Askatasunako kide izateagatik. 2008ko abenduan agerraldi publiko baten parte hartu zuen beste hiru lagunekin, ETAn sartzea erabaki zutela adierazteko. Publiko egin zuten agirian, poliziaren jazarpenagatik ihes eginda zebiltzala azaldu zuten: "Borrokarako beste aukerarik ez digute utzi; armen inposaketari armen bidez aurre egitea geratzen zaigu", azaldu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!