Berdintasun eta turismo batzordeak atzera bota dituzte EAJk eta Herriaren Eskubideak-ek

Anboto 2015ko uzt. 2a, 09:30
Udalbatza berria, kargu hartze egunean.

Joan zen eguenean, udaleko batzordeak osatzeko bilkura egin zuten, eta EH Bilduren proposamena atzera bota zuten EAJk eta Herriaren Eskubideak. Berdintasun eta Turismo arloetarako batzorde bana sortu gura du gobernu taldeak, baina oposizioa ez dago ados. Beste bilkura batean berriro aztertu beharko dute gaia; momentuz, ez dago horretarako datarik.


Zortzi batzordeetatik hamarrera pasatzea da EH Bilduren asmoa. Idoia Buruaga alkateak azaldu du aldaketak ez lukeela gastu gehiago ekarriko, eta batzorde berrien ideia babestu du. Bere iritziz, berdintasunaren gaia batzorde guztietan egon behar da presente zehar lerro lez, baina batzorde berezi bat sortzeak lan hori indartuko lukeela uste du. Berdintasun teknikariak begi onez ikusten duela esan du, gainera, Buruagak. Bestalde, “turismoari dagokion indarra” eman gura diotela nabarmendu du.

EAJren ikuspegitik, hamar batzorde lar direla esan du Joseba Mujikak, ez duela horren beharrik ikusten. Gainera, zortziko formula ere murriztu daitekeela uste du. Auzoei begirako batzordea Hirigintza Batzordean txertatu ahal dela ipini du adibide. Mujikaren iritziz, batzorde bien proposamena propagandarako erabili du EH Bilduk.

Herriaren Eskubidea alderdiko Juan Pedro Gallastegik batzordeen murrizketa babestu zuen, gastua aurrezteko eta batzordeen arteko koordinazioa hobetzeko balioko duelakoan.

“Udala martxan”
Buruagak adierazi du euren helburua “udala martxan ipintzea” dela. Horregatik, alkatearen liberazioari barik, batzordeen osaketari lehentasuna eman gura izan diote. Herritarrek batzordeetara joan ahalko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!