Elorrioko Trikitilari Gazteen II. Txapelketan 9 bikote ariko dira, Berrio-Otxoa egunean

Anboto 2015ko uzt. 1a, 09:45
Elorrioko txapelketaren iazko lehenengo edizioan parte hartu zuten trikitilariak eta panderojoleak.

Bederatzi bikotek parte hartuko dute Elorrioko Trikitilari Gazteen II. Txapelketan. Uztailaren 4an, arratsaldean, plazako pilotalekuan egingo dute saioa; 16:00etan hasiko dute kanporaketa, eta epaimahaiaren ustez fandango bat ondoen jotzen duten sei bikoteak igaroko dira finalera. 18:00etatik aurrera jokatuko dute finala. Hiru ariketa egin beharko dituzte sei finalistek; trikitia, porrusalda, eta, gehienez, lau minutu iraun dezakeen parte-hartzaileek eurek sorturiko pot-pourri bat.


Txapelketan, 20 urtera arteko trikitilari gazteek parte hartzen dute. Iazko lehenengo edizioa Eneritz Aulesti panderojoleak eta Julen Alonso trikitilari zarauztarrak irabazi zuten, eta Alonso aurten ere egongo da, baina, ekitaldi honetan, Alaitz Escudero panderojoleagaz.

“Arrakasta handia da bederatzi bikotek izena ematea”, azpimarratu du Juan Luis Elorza txapelketaren antolatzaileak. “Baina kezkatuta gaude, bestalde, parte-hartzaile guztiak gipuzkoarrak direlako, ez dugulako lortu Bizkaiko trikitilariak jotzera animatzerik: eskolak eta trikitilari gazteak Bizkaian ere badauden arren, ez dugu txapelketara erakartzea lortzen”.  

Hainbat sari egongo dira jokoan, Elorrion, zapatuan: txapela eta 250 euro jasoko ditu irabazleak, 200 euro bigarrenak eta 150 euro hirugarrenak. Laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatuek, bestalde, 80 euro jasoko dituzte bakoitzak.

“Ikaragarria” izan zen, Elorzaren berbetan, iazko lehenengo edizioari jendeak egin zion harrera: 500dik gora entzule inguruk jarraitu zuen saioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!