Zengotitabengoari "salbuespenezko segurtasun neurriak" kentzeko eskatu du Legebiltzarrak

Anboto 2015ko eka. 30a, 18:37

Andoni Zengotitabengoa preso elorriarrak eguneko 22 ordu ematen ditu ziegan, eta senideekin bisitak mugatuta dauzka. Alabekin urtean behin bakarrik dauzka aurrez aurreko bisitak.

Eusko Legebiltzarrak Andoni Zengotitabengoa preso politiko elorriarrak Lisboako (Portugal) kartzelan dauzkan segurtasun neurriak arintzea eskatu du, EH Bilduk sustatuta. Giza Eskubideen Batzordean landu dute gaia, eta onartutako eskaera kartzela zuzendariari, Portugalgo Gobernuari, Herri Defendatzaileari eta Lisboako Abokatuen Elkargoari bidaliko diete. Bere egoera giza eskubideen kontrakoa dela uste dute. EH Bildu eta EAJk bat eginda onartu dute Legebiltzarreko testua.

Zengotitabengoak bakartuta pasatzen ditu eguneko 22 ordu. Gainera, senideen bisitak mugatuta dauzka, eta alabak urten behin bakarrik ikusi ahal ditu aurrez aurreko bisitan. Urtean behin besarkatzen ditu, beraz. Presoaz aparte, familiari eta bereziki alabei eragiten dien egoera psikologikoaz ohartarazi du Julen Arzuaga legebiltzarkideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!