Iñigo Arruabarrena: "Eskaria dagoelako sortu dira gero eta kontsumo talde gehiago"

Anboto 2015ko eka. 26a, 10:00

Aramaioko Tximitxarte baserrian ekoizten ditu produktu ekologikoak Iñigo Arruabarrenak (Elorrio, 1989). Otarreak prestatzen dituzte sasoian sasoiko bertako produktuekin, eta kontsumitzaileei zuzenean helarazten dizkiete. Martxoan sartu zen egitasmoan, eta hamar kide ditu dagoeneko Tximitxarte kontsumo taldeak. Horretan hiru urte daramatzan Asier Agirregaz lan kooperatiba sortu guran dabil, ekoiztutakoak bideratzeko. Azpiegiturak hobetzen eta negutegiak gehitzen dabiltza. Asteon Elorrion eman dute proiektuaren berri.


Tximitxarte kontsumo taldea aurkeztu berri duzue. Nola sortu da egitasmoa?
Nekazaritza ingeniari teknikoa naiz, eta produkzio ekologikoaren aldekoa. Baina, ikasketek bide konbentzionaletik eramaten zaituztete, hau da, fitosanitarioak, herbizidak... erabiltzera bideratzen zaituztete. Produkzio mota intentsibo horregaz sekula ez naiz ados egon, eta Asierrek aukera hau eskaini zidan .

Gero eta zabalduago dagoen kontsumo mota da hori.
Gero eta gehiago gabiltza honetan, eta positiboa deritzot. Jenteak produktu ekologikoa kontsumitu gura du; eskari bat egon delako eta dagoelako sortu dira gero eta kontsumo talde gehiago.

Durangaldean dauden beste kontsumo talde batzuekin hartu-emanetan jarri zarete?
Hasiberriak gara, eta denak emanda gabiltza lanean. Baina Elorrioko produktore bategaz egon naiz hartu-emanetan, eta Iurretan era ekologikoan dabilen beste bat ere ezagutu nuen, ikastaro batean. Ez dugu denbora askorik izan hartu-emanetan jartzeko, baina gauzak lortzeko batzearen aldekoa naiz: barazkiak uzteko lokal bat lortzeko, eskoletako jantokiek bertako barazkiekin lan egiteko catering enpresekin beharrean... Hori guzta positiboa litzake.

Ez zarete saldu-erosi operazio horretara mugatzen. Bestelako filosofia bat dago atzean...
Era kontzienteagoan eta gutxiago kontsumitze aldera eman behar diren pausoak dira. Era berean, uste dut beharrezko dela guretzat, naturarentzat zein ekonomiarentzat onuragarriak ez diren nekazaritza produkzio moduak aldatzea. Bertatik guretzat izango den zerbait egin dezagun; gure arteko ekonomia sustatu dezagun.

Lehen sektoreari lagunduko lioke horrek.
Bai. Azken finean, ekoizleak zuzenean ematen dio kontsumitzaileari; bitartekoak kentzen ditugu. Diru sarrera guztiak zuzenean gugana datoz, tartean ez dago zati bat eramango lukeen hirugarrenik. Lehen sektorearentzat eta baserritarrentzat oso positibo da. Izan ere, gero eta produktore gutxiago daude; ekoizle txiki gero eta gutxiago daude, produktore handien mesedetan. Bestalde, nekazaritza ogibide hartu gura duten gazteek eskatutako betebehar guztiei aurre egiteko laguntza gehiago behar dituzte.

Elikaduraren subiranotasuna dago oinarrian...
Hori da gure filosofia. Ahal den heinean, jaten duguna guk produzitutakoa izan dadila, gertutik etorritakoa izan dadila.

Jaten dugunaren inguruan gero eta kontzientzia handiagoa hartzen gabiltza?
Oraindik, gehiengoak kontziente ez den modu batean kontsumitzen du. Baina gero eta jende gehiago arduratzen du zer jaten duen eta nondik datorren jakiteak. Eta positiboa dela uste dut. Badago jendea sakrifizio txiki bat egiteko prest dagoena bertako baserritarren alde. Adibidez guk otarre itxiak egiten ditugu. Kontsumitzailea prest dago otarrea hartu, eta jarritako barazkiak kontsumitzeko.

Horrek ohitura aldaketa eskatzen du.
Naturatik guztiz deskonektatuta bizi gara. Ez gara kontziente naturaren zikloez, ez dakigu naturak zer ematen digun sasoi bakoitzean. Herritarrak erosotasun horretara ohitu dira, denetarik dute urte osoan. Baina askoz osasuntsuagoa eta logikoagoa da sasoian sasoikoa jatea. Udan, adibidez, tomatea, letxuga, tipulina eta kalabazina jartzen ditugu otarreetan, eta, egia esan, gorputzak horrelakoak jatea eskatzen du. Neguan, berriz, babak eta azak, esaterako, jaki sendo eta beroagoak. Kontsumo hori logikoagoa da.

EHNEren arabera, hemen kontsumitutako hamar barazkitik bederatzi dira kanpokoak.
Aipatutakoaren haritik dator hori. Tomateak otsailean kontsumitu gura ditugunez, Marokotik eta Andaluziatik ekarri behar ditugu, eta ezin ditugu hemen produzitu.

Kontsumitzailearen eta ekoizlearen arteko hurbiltasunak erakartzen du jendea?
Horrela da, bai. Jaten ditugun barazkiak nork ekoizten dituen jakin gura izaten dute herritarrek, baita bertako kultura bermatzen dabilela ere. Gainera, bertako baserritarrok kalitate oneko jeneroa produzitzen dugu, osasuntsua eta gai kimikorik gabe. Horrek erakartzen du.

Zelan egiten duzue lan Tximitxarte kontsumo taldean?
Hiru otarre tamaina ditugu: txikia (30 euro), ertaina (45 euro) eta handia (60 euro). Asteazkenetan, nahi duten otarrea jasotzen dute kontsumitzaileek etxean. Hilero ordaintzen da kuota banku bidez. Arrasaten 30 kide ditugu –Asierrek denbora darama han–, eta Elorrion hamar gara. Hemen hasi berri gara, eta oso pozik nago, egia esan.

Durangaldera zabaltzeko asmorik?
Batez ere, Arrasate, Aretxabaleta eta Bergara inguran gabiltza lanean, eta, Gasteiztik ere izan dugu eskaririk. Durangaldean, Elorrion jardungo dugu momentuz. Dendetara ere zabaldu gura dugu. Produktuak komerzializatzeko bide bi horiek erabili gura ditugu: kontsumo taldeak eta dendak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!