Hiru jauregitan, plazan eta elizpean izango dira Musikaireko hitzorduak

Anboto 2015ko eka. 25a, 09:47
Nigerreko tuareg kulturan hazitako ‘Bombino’ gitarristak zabalduko du, aurten, Musikaire.

Bere musika desertuko rocka estiloaren barruan kokatzen duen Omara Moctar Bombino musikariak eta bere bandak zabalduko dute, uztailaren 3an, Elorrioko XVIII. Musikaire jaialdia. Nigerreko tuareg kulturan hazitako gitarrista birtuosoa da Bombino, eta musika tradizionala rock eta blues doinuekin uztartzen du.
Musikagaz jarritako beste zortzi hitzordu, eta hainbat antzerki eta dantza emanaldi ere jasotzen ditu jaialdiaren egitarauak. Tola, Lariz eta Casajara jauregietan, plazan, eta Sortzez Garbiaren elizpean izango dira emanaldiak.


Datorren asteburuan, hiru egunetan izango dira emanaldiak: Bombino eta bere taldearen kontzertuaren ostean, Anni B Sweet musikari malagarraren ahots goxoa entzuteko aukera izango da, uztailaren 4an. Folk, indie eta pop doinuak kantatuko ditu Anni B Sweetek, eta aurten kaleratu duen Chasing illusions diskoa aurkeztuko du.

Uztailaren 5erako, Mozkorra parregarri opera komikoa eskaintzera etorriko dira ikuskizunaren moldaketa egin duten bergararrak Musikairera. Xabier Maria Munibe Peñafloridako Kondeak XVIII. mendean idatzi zuen obran oinarriturik egokitu dute egileek “historiako euskarazko lehenengo operaren” moldaketa. Tola jauregian izango dira uztailaren 3ko, 4ko eta 5eko hitzorduak.

Ohi bezala, Euskal Herriko zein munduko beste leku batzuetako kulturen erakusle dira Elorrioko Musikaireko emanaldiak. Programazio eklektikoa, aniztasunean oinarriturikoa osatu dute, kalitate goreneko kultur emanaldiak entzuleei doan eskaintzeko.

Uztaileko gauetan, gozatzeko aukera izango da Gabacho Maroconnection taldearen ekialde eta mendebaldearen lotura musikalagaz, Sierra Leonan sortutako reggaeagaz, Aziza Brahim sahararraren poesiagaz eta ahots iradokitzaileagaz, Xabi Aburruzaga trikitilari birtuosoaren saioagaz, Hondurasko Aurelioren bitartez garifunen tradizioagaz, Arizona Baby eta Los Coronas taldeen uztarketatik sortutako Corizonas taldearen country folk eta rockagaz, eta Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartarien eta euren taldearen Silex lanagaz .

Dantza eta antzerkia
Uztailaren 26an, 19:00etan hasiko den mikroantzerki emanaldiagaz emango dute jaialdia amaitutzat. Izan ere, musika ez beste hainbat kultur adierazpideren erakusleku ere bada Musikaire: dantza eta antzerki garaikidea, kasurako. Uztailaren 26an, Javier Arandaren El tiranicida, Eduardo Hernando eta Raúl Camino aktoreen Boxers, eta Trino Teatro taldearen Mait(K)ale borroka izango dira Elorrioko mikroantzerki emanaldi horretan ikusgai.

Erlazionatuak

Musikaireko egitaraua

Anboto 2015 eka 25 Elorrio

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!