Venezuelako Chaima herriagaz elkartasun proiektua abiatu du Iñigo Murua elorriarrak

Anboto 2015ko eka. 16a, 11:29

Eskolako materiala batzen hasi da Elorrioko ikastetxeetan, eta botikak batzen, farmazietan. Urtearen zati baten Venezuelan bizi da Murua, eta Chaima herri indigenako premiak ezagutu ostean, bertara laguntza eroateko lana hasi du bere herrian.

Venezuelako Monagas estatuko Caripe herrian bizi izan da Murua, chaima indigena den bere emaztearekin. Chaima indigenen elkarteak herritarren egoera hobetzeko egiten du lan han, eta Muruak, elkartearen eskutik hango beharrak ikusi eta gero, kanpaina abiatu du Elorrion, botikak, eskolako materiala eta jostailuak biltzeko. Abuztuaren 1ean amaituko da kanpaina. Horrez gain, zozketa bat ere abiatu du Iñigo Muruak. El Palmar de Paradero komunitate indigenan ikastetxe bat eta osasun kontsultegi bat eraikitzeko dirua batu gura du zozketagaz, eta Elorrioko Eroski Bidaiaken eskutik, 800 euroko bidaia bale bat zozkatuko du.

Premien artean, hainbat nabarmendu ditu Iñigo Muruak: komunitate indigenetarako bideak konpontzea, osasun arreta eskaintzeko gunea eta botikak, eta hezkuntza alorreko azpiegiturak. Botiken arazoa handia dela azaldu du, Venezuelaren egoera politikoagatik, medikamentu barik dagoelako herrialdea.

Eskolako materiala eta jolasak batzeko herriko ikastetxeetara jo du, eta, ikasturtea amaitu arte, bertan egongo da aukera. Ostean, Santa Anako komentuan jasoko dituzte ekarpenak, Domingotarren elkarte baten bidez laguntza bideratzeko. Botikei dagokionez, herriko bi farmazietan hasi da bilketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!