Antzinako ogibideak ezagutzeko aukera egongo da zapatuan, San Agustingo azokan

Anboto 2015ko eka. 16a, 09:34

Zapatu honetan Erdi Aroko arropez jantziko da Elorrioko San Agustin auzoa. Beiragileak, errementariak, panpin-egileak... denetarik izango da azokan, eta antzerkia eta hegazti harrapakarien erakusketa ere izango dituzte, besteak beste.

San Agustingo Olazar auzo elkarteak bi urterik behin antolatzen du Antzinako Ogibideen Azoka. Aurtengoa zazpigarren aldia da, eta, ohitura duten moduan, auzoko familiak Erdi Aroko jantziez mozorrotuko dira, lehengo eran egiten ziren artisau-lanen erakustaldia egiteko. Jendea ere ekartzen dute kanpotik, baina auzoko jendearen parte hartzea nabarmentzekoa da.

Goizeko 11:00etan hasiko dute azoka. Ogibide ugari erakutsiko dituzte bertan: Errementaria, hauspoaren erabilera, buztinlaria, beiragilea, zorroztaileak, sukaldariak, tabernariak, jostuna, hargina, sagardogileak, nekazariak, gatz egilea, talogilea, panpin egilea, belar-meta, bitxigilea…

Horrez gainera, goizean esgriman eta arku-tiraketan aritzeko aukera egongo da, eta Erdi Aroko kanpamendua, eta antzerkiak egongo dira, Mamarru antzerki taldearekin. 12:30 aldera, San Agustineko elizara bisitaldia egingo dute, bertako ondarea eta historia ezagutzeko.
 
Bazkal orduan, bakoitzak nahi duen erara lekua hartuta egingo dute bazkal giroa. Arratsaldean ere jarraituko du jaiak: hegazti harraparien erakusketa, umeentzako antzerkiak eta jolasak izango dituzte.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!