Musika eskolako ikasle eta irakasleak, Arriolan ariko dira, bihar

Anboto 2015ko mai. 22a, 09:00

Elorrioko musika eskolako ikasleek eta irakasleek Arriola antzokian eskainiko dute emanaldia, bihar, 18:30ean. 5 eta 7 urte arteko umeek dantza emanaldia eskainiko dute, eta, jarraian, abesbatzak lagunduta kantatuko dute. Ondoren, hainbat estilotako abestiak joko dituzte musika eskolako taldeek.

Urte berezia da aurtengoa Elorrioko musika eskolan. Izan ere, 25. urteurrena ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte. Arduradunek asteon aurreratu dute ekainaren 13an ospakizun berezia egingo dutela: ikasleek eta irakasleek kontzertua eskainiko dute plazan, eta herri bazkari bat egingo dute, ondoren. Kantu saioa egingo dute bazkalostean. Ekainaren 13an bazkaltzera joan nahi duenak hilaren 5a baino lehenago hartu beharko du txartela, 10 euroan, Kaixo tabernan, Matzorri okindegian edo Montse lurrindegian. Bestela, bihar, Arriolako hitzorduan ere eskuratu ahal izango dira txartelak.  

Bestalde, matrikula maiatzaren 25etik ekainaren 17ra egin ahalko dela jakinarazi dute musika eskolako arduradunek. Eguenetan, 15:00etatik 16:00etara, eta barikuetan, 17:30etik 19:30era, eman daiteke izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!