Udal hauteskundeak 2015

Elorrioko EAJ-PNV-k koalifikatutako enplegua sortu gura du etxebizitza politikan

Anboto 2015ko mai. 14a, 19:00
Joseba Mujika alkategaia.

Joseba Mujika Elorrioko alkatetzarako EAJ-PNV-ko hautagaiak uste du eraikuntzaren sektorea eraldatzeak enplegu koalifikatua sortzen eta hazkunde iraunkorragoa eta eraginkorragoa lortzen lagunduko lukeela. "Ezinbestekoa zaigu etxebizitza politika, lehen mailako eskubide edo ondasun gisa ikusteaz gain, eraldatu beharreko jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik ere ikustea", adierazi du.

Alokairu politikak eta etxebizitzen zaharberritzea sustatzea proposatu du Elorrioko EAJ-PNV-k, koalifikatutako enplegua sortzeko giltza dela aldarrikatuta. Gainera, etxebizitza berrien eraikuntza ere sustatuko dute jeltzaleek, Hirigintza Iraunkorreko irizpideak erabiliz.

Turismoaren alorrari dagokionez, Argiñetako nekropolia eta San Adriango baseliza museo baten bitartez balioan jartzen ari dela adierazi dute. Mujikak dio beharrezkoa dela Tokiko Turismo Plan Zuzendaria gauzatzea, lanpostuak sortzeko aukera ere emango duen plangintza eta garapen tresna gisa.

Ingurumen arloan ere hainbat proposamen egin dituzte jeltzaleek. Alde batetik, udal eraikinetan %15 aurrezteko aukera emango duen sistema ezartzea beharrezkoa dela diote, kontsumoak monitorizatuz eta kontratatutako potentziak egokituz. Bestalde, 2020. urterako CO2 isurpenak %20 murriztea bilatzen duen “Alkateen hitzarmenarekin” bat egitearen alde agertu da Elorrioko EAJ-PNV.

Azkenik, gazteengana ere zuzendu nahi izan du Mujikak. “Gaurko gazteak Elorrioren etorkizuna dira. Gazteen aldeko apustua egin behar dugu, laneko bizitzarako saltoa ematen lagunduz. Ondoen prestatutako belaunaldia dira, eta ezin dugu onartu lan egiteko aukeraren bila kanpora joan behar izaterik”, adierazi du. Horretarako, Elorrioko enpresekin eta Elorrioko Udalarentzat lan egiten duten enpresekin hitzarmenak sinatzea aurreikusten du, herriko gazteek euren lehenengo lan aukera bertan izan dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!