Elorrion eskaladarekiko zaletasuna bizi-bizirik mantentzen dute hainbat gaztek

Anboto 2015ko mai. 14a, 18:30
Martin Urrutia, Aitziber Urrrutia eta Marta Camara Elorrioko eskalada horman.

Elorrioko eskolako eskalada taldeko hogei bat gaztek Bizkaiko Eskolarteko Eskalada Txapelketan parte hartu zuten joan zen asteburuan. Elorrion eskaladarako afizioa bizi-bizirik dagoela islatzen du kopuru horrek. Marta Camara, Aitziber Urrutia eta Martin Urrutia zaletasun horren erakusgarri nagusiak dira. Nor bere adinean erreferente da Euskal Herri mailan, eta Espainian ere onenen artean dabiltza.


Euskadiko Boulder Txapelketan podiumera igo dira hirurak. Marta Camarak txapelketa irabazi du, Martin Urrutia bigarren geratu da, eta Aitziber hirugarren. Euskadiko selekzioagaz, Espainiako Zailtasun Kopan ere aurreneko hamarren bueltan ibili dira hirurak, Josean Mulas hautatzailearen aginduetara.

Neba-arrebei etxetik datorkie afizioa: “Umetan familiagaz eskalatzera joaten ginen Frantziara eta beste toki batzuetara”, gogoratu du Aitziberrek. Marta Txintxirri ikastolan dagoen eskalada hormara zaletu zen: “Ez ninduen inork behartu. Neuk erabaki nuen probatzea, eta harrapatu egin ninduen”. Martin ere makina bat bider ibili da gora eta behera eskalada horma horretan. Gaur egun, Euskal Herriko horma handienean entrenatzen dute, Aretxabaletan.

Etorkizunean “boulderrean zein eskaladan” jarraitzeko gogoa adierazi du Martak, eta bere lagun biek asmo bera dute. Aire librean ere ez zaie esperientziarik falta. Atxarteko (Bizkaia), Araotzeko (Gipuzkoa) eta Gaubeako (Araba) paretak gertutik ezagutzen dituzte, eta baita Greziako Kalymnos irlan daudenak ere. Ez dira aritzeagaz bakarrik konformatzen: “Zailtasun mailaz igotzea gustatzen zaigu”. Alexandra Puzzio, Chris Sharma, Jaim Kim eta Julen Usobiaga dira euren erreferenteetako batzuk; orain behetik gora begiratzen diete tontorrera heltzea lortu duten izarrei, eurak ere goranzko bide bera egin guran dabiltzan bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!