Sermond's: "Rockaren aniztasunari lekua egin diogu, baina gure ezaugarriak galdu barik"

Anboto 2015ko mai. 7a, 11:00

Orain zazpi urte taldea sortu zuten herrian, Elorrion, joko dituzte 'Libelula' disko berriko kantak. Zapatuan izango da kontzertua, Ateneoan, 22:30ean, Surfin Kaos talde donostiarrarekin batera. Sermond's taldeko kideek "kontzertu dinamiko eta dibertigarria" eskaintzeko asmoa dutela azaldu dute.

Taldearen entsegu lokalaren gaineko Ateneo aretoan aurkeztuko du Sermond’s laukoteak Libelula izenburuko disko berria, zapatuan, 22:30etik aurrera. Koldo Zubia taldeko baxu-jotzaileak aurreratu du “betiko jarreragaz” egingo dutela zuzenekoa, orain bi urte Bidegurutzean hirugarren diskoa gaztetxean aurkeztu zutenean bezala: “kantutik kantura tarte gutxi utzita, azkar eta bolumena hamarrean jarrita”. Disko berriko sei kantuak eta orain arte zuzenekoetan jo izan dituzten hainbat kantu ere eskainiko dizkiete Ateneora bertaratzen direnei. “Kontzertu dinamikoa eta dibertigarria izatea” espero dutela adierazi du Zubiak.

Bidegurutzean lanagaz hartu zuten norabideari eutsi, eta sei kantuz osatu dute Libelula diskoa. Sermond’s taldeko kideak azaldu duenez, bai konposatzean, bai grabazioan gustura egin zuten bidea izan zelako erabaki dute formatu bera baliatzea. Gainera, disko osoak barik kanta solteak entzuteko dagoen joerak ere horretarako arrazoiak ematen dituela uste du.

Joan zen astean ipini zuten diskoaren aurkezpen kanta Interneten entzungai. Balen kontra izena du, eta, aurreko diskoko abestiak bezala, erritmo pisutsuko kanta da, taldearen marka den stoner eta punk estiloen arteko nahasketaren adibide. Zubiaren berbetan, “aurreko diskoaren linea” mantentzen ahalegindu dira honetan ere. Azpimarratu du disko honetan inoiz baino gehiago landu dituztela ahotsak, eta uste du horrek sendotasuna ematen diola azken emaitzari. Rockaren aniztasunari lekua eginda, “baina Sermond’s taldearen ezaugarriak galdu barik” osaturiko kantak direla dio taldekideak.

Sermond's - Balen Kontra from Aitor Mendilibar on Vimeo.

Ahotsak bereziki landu dituzte, eta gizartearen zein norbanakoon jarrerei buruzko letrak bildu dituzte disko berrian. Zubiaren berbetan, “beharbada, kritika ez da aurreko diskoetan egiten genuen bezain zuzena, baina bai landua”.

Sermond’s taldearen jarduna erritmo bizikoa izan da, orokorrean: lau disko kaleratu ditu zazpi urtean, eta Euskal Herrian zehar kontzertu asko eskaini ditu. Libelula diskoaren sorkuntza prozesuan, aldiz, “makina asko moteldu ez arren, lasaiago hartzea erabaki genuen”, dio Zubiak, eta erabaki horrek azken emaitzan eragin positiboa izan duela uste du musikariak.

Zazpi urte dira Sermond’s taldea sortu zutela, eta Koldo Zubia taldekidearen berbetan, “laukote bezala inoiz baino gusturago gabiltza: bakoitzak bere espazioa dauka taldean, eta ondo ulertzen dugu elkar”.

 

Gipuzkoako hiru herritan aurkeztuko dute disko berria, maiatzean eta ekainean

Kontzertuetan eta Durangaldeko hainbat tabernatan ipiniko dute Sermond’s taldekoek laugarren diskoa salgai. Eta, Koldo Zubia taldekideak azaldu duenez, hainbat hitzordu lotu dituzte, dagoeneko, zuzenekoetarako: maiatzaren 15ean Azkoitiko Zurt tabernan joko dute, 23an Bergarako jaietako txosnagunean, eta ekainaren 13an Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean aurkeztuko dute disko berria. Beraz, Libelula lanaren ale bat eskuratu gura duenak kontzertu horietan edukiko du diskoa erosteko aukera.

ARF lehiaketan
Gasteizko ARF Rock Party musika lehiaketan parte hartzeko aukera eduki du, martxoan, Elorrioko Sermond’s taldeak. Agenda arazoengatik lehiaketa utzi behar izan zuen talde baten ordez jo zuten. Mila talde eta bakarlaritik gora aurkeztu ziren lehiaketa horretara, eta, irabazi ez arren, oso pozik daude taldekideak esperientzia horregaz. “Finalera pasatu ahal izatea oso zaila zen, baina, aukera eduki genuenez, ahalegin handia egin genuen” dio Zubiak. “Kontzertu berezia izan zen, eta ezagutzen ez genituen bi talde ezagutu izana ere oso aberasgarria izan da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!