Fytasa fabrikaren egoeraz kezka agertu du EH Bilduk

Anboto 2015ko api. 10a, 09:00

2011n itxi eta gero, hondamen egoeran dago Fytasa galdategiaren fabrika. Atea falta du eremuak, eta EH Bilduk uste du arriskutsua dela. Kezka agertu du koalizioak, lapurrez gainera umeak ere sartzen direlako bertara. Udalbatzarrean gaia azaleratu zuen, eta gobernu taldeari horren inguruan ezer ez egitea leporatu zion. “Udalak zerbait egin behar du atoan”, adierazi zuen Idoia Buruagak.


Momentuz, konkurtso administrazio baten esku dago fabrika. Joseba Mujika (EAJ) alkateordeak adierazi zuen badakitela egoera zein den, eta eurak ere arduratuta daudela. Edozelan ere, jabetza pribatukoa izanda, udalak bertan ezin duela nahi eran sartu azaldu zuen, eta “egin behar zutena” egin dutela uste du: “Udalak esan dio administratzaileari egoera hobetzeko neurriak hartu behar dituela. Epaitegi bati ere jakinarazi diogu”. Egoeraren berri emanda, erantzun baten zain dago gobernu taldea. Buruagaren ustez, udalak sarrera ixteko zerbait egin dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!